Albisteak

Uztailaren 3tik 5era

Deluxe, Boris Brejcha, Anestesia eta Jim Jones, EHZ Festibalean

N.V. / L.Z. | EITB.EUS

Gainera, Skip & Die, Electro Deluxe, Skakeitan, Last Fair Deal, Joseba Lenoir Gang eta The Offender arituko dira Lekornen uztailaren 3tik 5era.

EHZ Festibalaren antolatzaileek aurtengo edizioko kartelaren berri eman dute. Lekornen uztailaren 3tik 5era egingo duten jaialdian The Coup eta Woods arituko direla iragarri zuten aspaldi. Azken talde horri rock, funk, soul eta elektronika estiloak lantzen dituzten hainbat artista batu zaizkio.

Lekorneko agertokietan, beraz, kontzertu hauek nagusituko dira: Deluxe, Skip & Die, Anestesiaren thrash eta hardcore doinuak, Jim Jonesen dotorezia, The Offendersen punk musika, Boris Brejcharen eta Cotton Clawren elektronika, Last Trainen rocka, Old School Funky Family, Skakeitan, Polygorn eta Last Fair Deal euskal taldeak, Erotic Market, Martin Mey eta Massilia Sound System.

Antolatzaileen esanetan, orain arte bezala, "konpromisoaren alde egiten duten taldeak" gonbidatu dituzte. Horrekin, jaialdiaren mamiari eutsi diote hogeigarren urteurrenean.

Gainera, eztabaida-gunea, kaleko animazioa eta zirkua egongo dira, Garaztarrak Dantza Taldearen, Iron Skulls Coren eta Cie du Petit Monsieurren eskutik.

20. urtemuga

Arrosak hartu zuen lehendabiziko edizioa, eta gerora Idauze-Mendin eta Heletan egin izan dute. Aurten, ostera, Lekornera itzuliko da festibala. Antolatzaileek betidanik egin izan dute Ipar Euskal Herriko barnealdeko udalerrien aldeko apustu, "kostaldearen eta barnealdearen arteko eskaintza parekatzeko helburuarekin".

Hogeigarren edizioan, antolatzaileek proposatuko duten "Ametsezko Euskal Herrian" parte hartzeko deia egingo diete bisitariei. Gainerako jaialdien eskaintza komertzialetik aldendu eta bestelako egitarau bat eskaini nahi du EHZ jaialdiak.