Albisteak

Jaialdia

20. urtemuga ospatuko dute Berri Txarrakek eta EHZ jaialdiak, udan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Lekunberriko taldea Lekornen izango da uztailean. Halaber, Tania de Sousaren kontzertua iragarri dute gaur.

  • Berri Txarrak

    Berri Txarrak

Bi iragarpen berri egin dituzte gaur Euskal Herria Zuzenean Festibala jaialdirako: Berri Txarrak eta Tania de Sousa.

Lekornen uztailaren 3tik 5era egingo duten jaialdian The Coup eta Woods arituko direla ere iragarri zuten aspaldi. Azken talde horri rock, funk, soul eta elektronika estiloak lantzen dituzten hainbat artista batu zitzaizkion duela egun batzuk.

Lekorneko agertokietan, beraz, hauek nagusituko dira aurten: Deluxe, Skip & Die, Anestesiaren thrash eta hardcore doinuak, Jim Jonesen dotorezia, The Offendersen punk musika, Boris Brejcharen eta Cotton Clawren musika elektronikoa, Last Trainen rocka, Old School Funky Family, Skakeitan, Polygorn eta Last Fair Deal euskal taldeak, Erotic Market, Martin Mey eta Massilia Sound System, eta Berri Txarraken eta Tania de Sousaren kantuak.

Antolatzaileen esanetan, orain arte bezala, "konpromisoaren alde egiten duten taldeak" gonbidatu dituzte. Horrekin, jaialdiaren mamiari eutsi diote hogeigarren urteurrenean.

Gainera, eztabaidarako gunea, kaleko animazioa eta zirkua egongo dira, Garaztarrak Dantza Taldearen, Iron Skulls Coren eta Cie du Petit Monsieurren eskutik.

20. urtemuga

Arrosak hartu zuen lehendabiziko edizioa, eta Idauze-Mendin eta Heletan egin dute gero. Aurten, ostera, Lekornera itzuliko da festibala. Antolatzaileek betidanik egin izan dute Ipar Euskal Herriko barnealdeko udalerrien aldeko apustu, "kostaldearen eta barnealdearen arteko eskaintza parekatzeko helburuarekin".

Hogeigarren edizioan, antolatzaileek proposatuko duten "Ametsezko Euskal Herrian" parte hartzeko deia egingo diete bisitariei. Gainerako jaialdien eskaintza komertzialetik aldendu eta bestelako egitarau bat eskaini nahi du EHZ jaialdiak.