Albisteak

Kontzertuak

Urtzek, Enkorek eta Zea Maysek girotuko dute Ibilaldia, igandean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

D-Pintxos, Itziarren Semeak, Oihan Vega, Demode Quartet, Korrontzi, Trikizio, Espaloi, Oxabi, Koblakari eta Garilak 26 ere izango dira Bilbon.

Igandean helduko da Bilbora Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. "Harro ibili" leloari eutsita, festa-giroa izango da nagusi han, egun osoan zehar.

Harrobia ikastetxeari egokitu zaio aurten Ibilaldia antolatzea, eta festa heltzeko egun gutxi batzuk falta direnean, kontzertuen egitaraua iragarri dute.

Lehenengo gunean, adibidez, D-Pintxos, Urtz, Itziarren Semeak eta Oihan Vega igoko dira oholtza gainera, 11:00ak eta 17:30 bitartean.

Bigarren gunean, berriz, Altxatu, Enkore, Zea Mays eta Oxabi arituko dira, eta hirugarrenean, Demode Quartet, Korrontzi eta Trikizio.

Bukatzeko, Erripan (5. gunea), Espaloian, Koblakari eta Garilak 26 izango dira protagonista nagusiak.

Gainera, antolatzaileek iragarri dutenez, Bilborocken musika-emanaldiak egongo dira egun osoan zehar. Etorkizun Beltza, Hozten, Karla eta Elisa eta Ukan egongo dira bertan.