Albisteak

Bira

Berri Txarrak udako jaialdiei so, aretoetako kontzertuak bukatuta

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

"DDPB" kontzertu-biraren bigarren partea hasiko dute aurki nafarrek. Oraingoz, lau kontzertu iragarri dituzte udarako.

  • Berri Txarrak. Argazkia: Tom Hagen

    Berri Txarrak. Argazkia: Tom Hagen

Berri Txarrakek amaitutzat eman du "DDPB" biraren lehendabiziko partea, Mallorcan iragan asteburuan eskaini zuten kontzertuarekin. Hala, udako jaialdietan jarri dute orain arreta nafarrek.

Orotara, berrogei kontzertutik gora eskaini dituzte urtarrila eta maiatza bitartean. Donostian eman zuten estreinako zuzenekoa, eta handik Frantziara abiatu ziren. Espainiako Estatuan ere hainbat hitzordu izan dituzte, baita Europako beste zenbait herrialdetan ere: Alemanian eta Suitzan, kasu.

Halaber, Mexikoko lurrak zapaldu zituzten martxoan, eta azkenaldian atzera eta aurrera ibili dira, Euskal Herrian zein hemendik kanpo.

Esan bezala, aretoak utzi eta jaialdietako oholtzak astintzeko prest dago jada Berri Txarrak. Dena den, aurretik, orain arteko emanaldietan zer egon den faltan eta zer soberan jakin nahi dute. Hori da, behinik behin, jarraitzaileei sare sozialen bidez galdetutakoa.

Udako zuzenekoei dagokienez, gaur-gaurkoz lau kontzertu iragarri dituzte: uztailaren 4an, EHZ Festibala jaialdian; uztailaren 16an, Resurrection Fest jaian; uztailaren 18an, Alrumbo Festivalen, eta abuztuaren 8an, Shikillo Festivalen.