Albisteak

Festetako egitaraua

Su Ta Gar, Zea Mays eta Vendetta, Gasteizko jaietako txosnen gunean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Etsaiak, Zarpazo a Cicatriz, Iheskide, Inoren Ero Ni, Tximeleta eta Las Tea Party ere arituko dira abuztuaren 4tik aurrera Gasteizko hiriburuan.

Dagoeneko eman dituzte ezagutzera Gasteizko jaietan arituko diren hainbat musika-talderen izenak. Hain zuzen ere, txosnen gunean abuztuaren 4tik 9ra arte egongo diren kontzertuak iragarri dituzte azken orduetan.

Aurten ere, egitarau zabala prestatu dute txosnek, Andre Maria Zuriaren jaiei begira. Zuzeneko guztiak unibertsitateen gunean izango dira.

Lehenengo egunean, abuztuaren 4an, esaterako, Big Band Berri, Xeic! eta Vendetta igoko dira agertoki gainera, eta Inoren Ero Ni, Tximeleta eta Las Tea Party disko-jartzaileen txanda izango da jaietako bigarren egunean.

Abuztuaren 6rako, Su Ta Gar eta Etsaiak taldeen emanaldiak aurreikusi dituzte, eta Indarrapek eta Kodigo Nortek jantziko dute musikaz Gasteiz egun bat geroago.

Bukatzeko, abuztuaren 8an, Iheskide eta Zarpazo a Cicatriz taldeen abestiek astinduko dute oholtza, eta, azken egunean, Joseba B. Lenoir Gang eta Zea Mays taldeen musikarekin agurtuko dituzte jaiak.