Albisteak

Jaietako egitaraua

Vendetta, Hesian eta Ze Esatek! taldeak, Zornotzako festak girotzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Betagarri, Oihan Vega, Gatillazo, Mikel Urdangarin, Twin Melody eta Random ere izango dira Zornotzan, uztailaren 15etik aurrera.

Uztailaren 15ean hasi eta 27ra arte Karmengo jaiak ospatuko dituzte zornotzarrek. Egun horietan ez da festa-girorik faltako Bizkaiko udalerri horretan, eta musikak ere leku garrantzitsua beteko du.

Lehenengo egunean, adibidez, Vendetta taldea igoko da taula gainera. Egun bat geroago Egan arituko da, eta uztailaren 17an, Hora Trece eta Gatillazo.

Uztailaren 18an Betagarriren esku geratuko da zornotzarren gerriak mugitzea. Gainera, egun horretarako disko-jartzaileen emanaldiak iragarri dituzte txosnetan.

Asteburuko gehiegikeriak baretzeko helburuarekin iritsiko da igandean Mikel Urdangarin Zornotzara.

Bukatzeko, uztailaren 23an 'A ze banda' saioko Random eta Twin Melody izango dira gaueko protagonistak, baita Oihan Vega ere. Horiek guztiak Zubiondo plazan egongo dira. Txosnetan, berriz, Larregik eta Hesianek joko dute. Dena dela, ez dira jaietako azken zuzenekoak izango, hurrengo egunean Cara y Cruz eta Ze Esatek! taldeek itxiko baitute festetako egitaraua.