Albisteak

Sagueseko kontzertuak

Berri Txarrak, Macaco eta Hesian Donostiako Aste Nagusian arituko dira

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Saguesen egongo diren kontzertuen berri eman dute antolatzaileek. Bad Manners, Skakeitan, Rosario, Kalakan eta Oreka TX eta Urtz ere Donostian izango dira.

Oraindik hilabete baino gehiago falta da Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko, baina dagoeneko iragarri dituzte Saguesen egongo diren kontzertuak.

Zuzeneko guztiak 23:45ean izango dira, abuztuaren 8tik 15era, hain zuzen ere,

Lehenengo egunean, adibidez, Kalakan eta Oreka TX igoko dira oholtza gainera. Abuztuaren 9an, berriz, Rosarioren txanda izango da, eta, aurreikusitakoaren arabera, 10ean atsedenaldia hartuko dute musika-emanaldiek.

Abuztuaren 11n, ostera, euskal musikak aginduko du berriro Gipuzkoako hiriburuan. Hala, Hesian eta Urtz izango dira gaueko protagonistak. Hilaren 12rako Bad Manners eta Skakeitan taldeen zuzenekoak iragarri dituzte antolatzaileek, eta 13rako, Macacorena.

Bestalde, Berri Txarraken esku geratuko da abuztuaren 14an Sagues girotzeko ardura. Azken egunerako ez dute kontzerturik baieztatu oraindik.