Albisteak

Kontzertuen egitaraua

La Pegatina, Gatibu eta Hesian egongo dira Gernikako jaietan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Iheskide, Los Chikos del Maiz, potato, Las Tea Party, Sueder eta Trikizio ere izango dira Gernikan, abuztuaren 14tik aurrera.

Abuztuaren 11tik 18ra festa-giroa izango da nagusi Gernikan. Lehendabiziko egunean, alegia, hilaren 11n, Lurgorri auzoko jaiak ospatuko dituzte, non Gatibu eta Tximeleta arituko diren. Bi zuzeneko horiek amaitutakoan, Xaiborren disko-festak hartuko du lekua.

Bestalde, abuztuaren 14an Gernikako Pasilekun, 22:30etik aurrera, Dientes de Luna, Los Chikos del Maiz eta Oxabi egongo dira.

Egun bat geroago, Tears and Beers, Iheskide eta Hesian taldeen txanda izango da, eta 16an, Potatorena eta Las Tea Party disko-jartzaileena.

Hori gutxi ez eta, Suederren, La Pegatinaren eta Trikizioren doinuek hartuko dute Gernika abuztuaren 17an. Gainera, Xabi Solano aterako da taula gainera La Pegatina taldearekin batera.

Bukatzeko, Korrontzik eta Onkarik itxiko dute jaietako egitaraua.