Albisteak

Irailaren 1etik 8ra

Def Con Dos, Skakeitan eta Oihan Vega, Lekeitioko jaiak girotzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Las Tea Party, Raimundo Amador eta Oxabi ere egongo dira San Antolin festetan.

Dena prest dute lekeitiarrek astebete iraungo duen festari ekiteko. Arratsaldean hasiko dira jaiak, eta Oihan Vega izango da plazan, 20:00etatik aurrera, herria girotzen.

Dena den, bihar dute egun handiena Lekeition, izan ere, San Antolin eguna ospatuko dute. Hori horrela, Egan taldearen musikarekin mugituko dituzte gerriak, festetako bigarren egunean.

Gazteek, ordea, hurrengo egunean dute hitzordua txosnetan, han rock gaua antolatu baitute. Irailaren 4an, berriz, Def Con Dos, Skakeitan eta Sustrajah Band taldeek hartuko du lekua; oraingo honetan, plazan. Gainera, 01:00etatik aurrera, disko-jartzaileak egongo dira txosnetan.

Hilaren 5ean, Las Tea Partyren emanaldiaz gozatuko dute herritarrek, eta Antzar Egunean ere, disko-jartzaileen saioak nagusituko dira, baita Oxabiren erromeria ere.

Bukatzeko, irailaren 7an, Raimundo Amadorrek itxiko du aurtengo egitarauko kontzertuen tartea.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea