Albisteak

Gaixotasuna

Jarabe de Palok bira eten du, Pau Donesek koloneko minbizia duelako

AGENTZIAK | EITB.EUS

Duela egun batzuk egin diote ebakuntza, eta denbora batez atsedena hartu beharko du Jarabe de Paloko abeslariak, sendagileek hala agindu diotelako.

Jarabe de Palok bertan behera utzi du kontzertu-bira, Pau Dones abeslariari koloneko minbizia antzeman diotelako. Orain dela hilabete pasatxo jakin zuen Donesek gaixo zegoela, eta hogei egunera ebakuntza egin zioten Bartzelonako Vall d'Hebron ospitalean.

Gauzak horrela, Espainiako Estatuan, AEBn eta Hego Amerikan eskaini behar zituen zuzenekoak bertan behera gelditu direla iragarri du Tronco Records enpresak.

Irailaren 15ean abiatu behar zuten bira Bartzelonan. Gerora, besteak beste, Melillan, Perún, Mexikon, New Yorken, Washingtonen, Miamin, Orlandon eta Chicagon aritzekoak ziren.

Ospitalean grabatutako bideo baten bidez, Donesek barkamena eskatu die jarraitzaileei bira eteteagatik. Halaber, gaixotasun larri horren ondorioz, urgentziazko ebakuntza egin behar izan diotela azaldu du bideo horretan. Twitterrera eta Instagramera igo du mezua: "Sabeleko minarekin hasi zen guztia. Ia txiripaz, baina sasoiz antzeman zidaten eritasuna. Zomorroa kendu didate, eta sendagileak atsedena hartzeko esan dit", azaldu du. Gainera, prebentzioak duen garrantziaz ohartarazi du bideoan. "Aurten ezingo dut, baina datorren urterako agertokian ikusiko dugu elkar", erantsi du abeslariak.

du abeslariak.