Albisteak

Urriaren 4an, Usurbilen

Hesian, Betagarri eta Eskean Kristo, Kilometroak festa girotzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Usurbilek hartuko du Kilometroak jaia urriaren 4an. Aipatu taldeak ez ezik, Skakeitan, Anai-Arrebak, U.K. Billl, Oreka TX, Perlak eta Lain arituko dira.

Urriaren 4an Gipuzkoako ikastolen aldeko festa hartuko du Usurbilek. Dagoeneko dena dute prest antolatzaileek; tartean, aipatu egunean bost gunetan banatuta egongo diren kontzertuen egitaraua.

Ikastolaren gunea izango da lehena, non Oxabi eta Espaloian taldeen musika nagusituko den. Bigarren gunean, berriz, U.K. Bill, Skakeitan, Betagarri, Hotzikara, Izeberg eta Eskean Kristo igoko dira taula gainera. Gazteentzako giro aparta ziurtatuko du, beraz, Aranerreka belardian atondutako txokoak.

Hirugarren guneak etxeko txikienei zuzendutako ekintzak hartuko ditu. Laugarrenak, ordea, gazteengan jarriko du arreta. Gauzak horrela, Lain, Odolaren Mintzoa, Anai-Arrebak eta Hesian arduratuko dira Atallu gunea girotzeaz.

Bukatzeko, Perlak, Triki Ta Ke, Joseba B. Lenoir Gang eta Oreka TXen musikaz gozatzeko aukera izango dute bosgarren gunera gerturatzen direnek.

Musika eskaintza zabala eskainiko die, horrenbestez, Kilometroak jaiak bisitariei.