Albisteak

Baztanen

Hesian, Oihan Vega, Emon eta Zea Mays, Nafarroa Oinezen jaun eta jabe

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Kalakan, Tximeleta eta Xutik taldeek ere abestirik ezagunenak taularatuko dituzte, igandean, Elizondon.

04:16

Elizondoko Baztan Ikastolari egokitu zaio aurten Nafarroa Oinez jaia antolatzea. "Hamabortz, ama bat" lelopean, musikaz, ekitaldiz eta haurrei zein gazteei zuzendutako ekimenez jantziko da Baztango udalerria igandean.

Ibilbidea lau gunetan banatuko dute. Lehen gunean, Erberea izenekoan, herri-kirolak, dantza-saioak eta kontzertuak nagusituko dira. Besteak beste, Tximeleta eta Kalakan taldeen musika entzungo da bertan.

Bigarren gunean, Emon eta Xutik igoko dira agertoki gainera, eta etxeko txikienei zuzendutako ikuskizunek hartuko dute lekua hirugarrenean.

Gazteek, berriz, laugarren gunean izango dute hitzordua, eguerditik aurrera. Hesian izango da oholtza astintzen lehena, eta Oihan Vegaren erritmora dantzatuko dute euskaltzaleek jarraian. Azkenik, 15:30ean, Zea Maysen kantuek bustiko dute Elizondo.