Albisteak

'B aldea'k antolatuta

Asteazkenean abiatuko da 'Gaztea Cover' ekimena

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Zortzi euskal taldek 1990etik gaur egunera arte entzun diren kantu onenen bertsioak egingo dituzte, 'Gaztea Cover' ekimenaren bigarren edizioan.

Hemen da 'Gaztea Cover' ekimenaren bigarren edizioa. Zenbait euskal talde Miramongo estudioetan izan dira, bakoitzari egokitu zaizkion taldeen bertsioak grabatzen, 'B aldea' saioko Ainhoa Urretabizkaiaren eta Xabier Doncelen laguntzarekin.

Gazteak 25 urte bete dituela eta, 1990etik gaur egun arte entzundako euskal abesti onenen bertsioak egin dituzte zortzi taldek; euskaldunak, guztiak. Hain zuzen ere, Vendetta, Kometak, Hesian, Lauroba, Urtz, SeiUrte, Skasti eta Eskean Kristo taldeek hartu dute parte aurtengo edizioan.

Hala, horietako bakoitzak bi abesti egin ditu: bata, bertsio bat, eta bestea, 'Gaztea Cover'erako propio prestatutako kantu bat. Asteazkenetik aurrera entzungo ditugu horiek guztiak, egun horretan abiatuko baita ofizialki 'Gaztea Cover'.

Ekimen horri 'B aldea' irratsaioan egingo diote lekua asteazkenero, 'EiTB Kultura' saioan ikusiko da grabazioa ostegunetan, eta Gaztearen webgunean izango duzue bertsioa ostiraletan.

Alabaina, oraindik ez dugu iragarriko zein talderen bertsioa egingo duen parte-hartzaile bakoitzak. Hortaz, adi ibili, informazio gehiago laster zabalduko dugu eta!