Albisteak

Durangoko Azoka 2015

Inoizko emanaldi gehien jasoko du Ahotseneak, Azokaren 50. edizioan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Guztira, 70 kontzertu hartuko ditu. Horrez gain, musikarien zein idazleen solasaldiak egongo dira bertan.

Dagoeneko bukatu da Durango Azokaren gune ezberdinetan izena emateko epea, eta, beste behin ere, euskal sortzaileen erantzuna hobezina izan da. Hala, Areto Nagusiak, Szenatokiak, Saguganbarak, Ahotseneak, Irudienak,  Plateruenak eta Azoka TBk prest dute jada aurtengo egitaraua.

Kabi@k, ordea, zabalik du oraindik ere izena emateko epea. Urriaren 31ra arte, beraz, teknologia berriekin lotutako proposamenak aurkez daitezke bertan.

Dena den, Ahotsenea izango da aurtengo erakargarri nagusia. Izan ere, inoizko emanaldi gehien egingo dituzte aipatu gunean. Hain zuzen ere, kontzertu musikatuei zuzendutako karpak 70 zuzeneko hartuko ditu, orain arteko marka onduz. Literatur arloari gordetako eremuan, berriz, 50 egile bilduko dira, abenduaren 4a eta 8a bitartean. Batik bat, idazleen topaleku izango da karpa horixe, alabaina, musikariek ere hartuko dute parte. Besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak, errezitaldiak, ikuskizunak eta emanaldi akustikoak egongo dira.

Aurretik esan bezala, musika alorrean, 70 taldek defendatuko dituzte euren proiektu berriak oholtza gainean. Horien artean, ibilbide luzea duten artistak egongo dira: Piztiak, Txapelpunk, Ze Esatek!, Hesian, Igelaren Banda eta Sei Urte, kasu. Nolanahi ere, estreinako lana aurkezteko asmoarekin iritsiko diren taldeak ere izango dira: esaterako, Atzekabe, Pecozza United, Serious, Business, Zazkel, Konbenio del Metal...

Hartara, Ahotseneak kultur proposamen berrienak entzuleen eskura jarriko ditu, berriro ere. Aipatzekoa da baita ere, Ipar Euskal Herriko taldeek oihartzun berezia izango dutela aurten. 2Zzio, Xutik, Bidaia, Aguxtin Alkhat, Poligorn, Begiz-Begi eta Maddi Oihenart musikariek aterako dira, Azokak iraun bitartean, Ahotseneako agertokira.