Albisteak

Iragarpena

The Cure Barakaldon arituko da 2016ko azaroan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Kontzertua azaroaren 24an izango da BEC erakustazokan, eta sarrerak abenduaren 3tik aurrera egongo dira eskuragarri.

The Cure taldeak 2016an Europatik egingo duen kontzertu-birako datak iragarri ditu, eta, aurreikusitakoaren arabera, azaroan Barakaldon arituko dira britainiarrak.

(The Cure taldearen zuzenekoa, Bilbao BBK Liven)

Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan hiru kontzertu emango dituzte: lehena, Madrilen, azaroaren 20an; bigarrena, Barakaldon, azaroaren 24an, eta hirugarrena, Bartzelonan, hilaren 26an. Bira horren baitan, guztira 30 zuzeneko eskainiko dituzte, 17 herrialdetan.

Robert Simth, Simon Gallup, Jason Cooper, Roger O'Donell eta Reeves Gabrels igoko dira oholtza gainera, eta taldearen 37 urteko musika-ibilbidearen errepasoa egingo duten aipatu zuzenekoetan.

The Cureren talde gonbidatua The Twilight Sad izango da.

Sarrerak

Abenduaren 3an jarriko dituzte salgai sarrerak, 10:00etan, Ticketmaster sarean, El Corte Inglesen eta Live Nationen webgunean.

Sarrerarik merkeenak 45 euroan salduko dituzte; garestienek, berriz, 75 euroan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Barakaldo