Albisteak

Iragarpena

Peiremansek lan berria eta hiru zuzeneko iragarri ditu 2016rako

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Martxoan iraupen laburreko diskoa argitaratuko dute. Halaber, hiru kontzertu emango dituzte: Madrilen, Bartzelonan eta Durangon.

Peiremans+ taldearen itzulerak sekulako ikusmina piztu du jarraitzaileen artean, eta kontzertuek zein abesti berriek izandako arrakastaz jabetuta, oraindik ere lanean jarraitzea erabaki dute.

Taldekideen esanetan, bizia bezain pozgarria izan da azaroan eman duten kontzertu-bira laburra. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, bai oholtzan eta baita handik kanpo ere, biziki zoriontsu aritu dira.

Hori horrela, Karlos Osinagaren gidaritzapean Bonberenea Estudioan grabatu dituzten bi abestiak ("Bemidji" eta "Zortziak bat") argitaratzea erabaki dute. Halaber, estudiotik pasatu ez diren baina agertokian defendatu dituzten zenbait kantu berri jasoko dituzte iraupen laburreko disko horretan.

Hain zuzen ere, martxoan kaleratuko dute aipatu lana, eta bira laburra egingo dute, horri bultzada emateko asmoz. Hala, martxoaren 17an Madrilgo Moby Dick aretoan aurkeztuko dituzte abesti berriak; hilaren 18an, Bartzelonako Apolo2 aretoan, eta 19an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Zuzeneko horietarako sarrerak eskuragarri daude jada.

Behin bira bukatuta, Gorka Urbizu, Imanol Ubeda, Haritz Beristain eta Marino Goñi euren proiektuetan murgilduko dira berriro.