Albisteak

Durangoko Azoka 2015

Musika eta literatura izango ditu ardatz Azokaren 50. edizioak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ostiralean hasi eta datorren asteko asteartera arte, euskal kultura oinarri duten hamaika ekitaldi hartuko ditu Durangoko Azokak.

Areto Nagusia, Szenatokia, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Irudiena, Plateruena eta Azoka TB prest daude Durangoko Azokaren 50. edizioari ekiteko. Abenduaren 4tik 8ra euskal kulturaren plaza izango da Bizkaiko udalerria. Bisitari andana espero dute egun horietan, bai azokan bertan, baita handik at prestatu dituzten jardueretan ere.

Ahotsenea

Ohi bezala, Ahotsenea izango da Gaztearentzat erakargarri nagusia. Izan ere, inoizko emanaldi gehien egingo dituzte aipatu gunean; musika ardatz duten saioak, hain zuzen. Hala, kontzertu musikatuak hartzeko karpak 70 zuzeneko jasoko ditu, orain arteko marka onduz. Literatur arloari gordetako eremuan, berriz, 50 egile bilduko dira, abenduaren 4a eta 8a bitartean. Batik bat, idazleen topaleku izango da karpa hori, baina musikariak ere hartuko ditu. Besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak, errezitaldiak, ikuskizunak eta emanaldi akustikoak egongo dira bertan.

Aurretik esan bezala, musika alorrean, 70 taldek erakutsiko dituzte euren proiektu berriak oholtza gainean. Horien artean, ibilbide luzea duten talde batzuk egongo dira: Piztiak, Txapelpunk, Ze Esatek!, Hesian, Igelaren Banda eta Sei Urte, kasu. Nolanahi ere, estreinako lana aurkezteko asmoarekin iritsiko diren taldeak ere izango dira: Atzekabe, Pecozza United, Serious, Business, Zazkel, Konbenio del Metal...

Hartara, Ahotseneak kultur proposamen berrienak entzuleen eskura jarriko ditu berriro. Aurten, baina, Ipar Euskal Herriko taldeek oihartzun berezia izango dute bertan. 2Zzio, Xutik, Bidaia, Aguxtin Alkhat, Poligorn, Begiz-Begi eta Maddi Oihenart igoko dira, Azokak dirauen bitartean, Ahotseneko agertokira.

Plateruena Kafe Antzokia

Abenduaren 4an, lehenengo egunean, alegia, Bidehutsek antolatutako ikuskizuna hartuko du Plateruenak, Jupiter Jon, Sacco, Anari, Irazoki & Lagunak eta Audienceren musikarekin. Bigarren egunerako, Iheskideren kontzertua iragarri dute, eta Olatz Zugasti igoko da oholtza gainera abenduaren 6an.

Nolanahi ere, hilaren 7koa izango da seguruenik ikuskizunik jendetsuena. Egun horretan, Esne Beltzak abesti berriak aurkeztuko ditu agertoki horretan. Bukatzeko, abenduaren 8an, Korrontzik itxiko du aurtengo Durangoko Azokako egitaraua.

Nobedadeak

Euskal diskoetxeak azken ukituak ematen dabiltza ostiraletik aurrera Durangoko Azokako standetan erakutsiko dituzten proiektuei. Bost egunez, euskal musika sortzaileen erakusleiho izango da Durango.

Baga Bigak, adibidez, En Tol Sarmiento, Enkore, Korrontzi, Larregi, The Uski's eta Txapelpunk taldeen berriena aurkeztuko du.

Elkar eta Oihuka etxeen eskutik, besteak beste, EH Sukarra, Igelaren Banda, Izaki Gardenak eta Ken Zazpi taldeen eta Mikel Urdangarin bakarlariaren lan berriak iritsiko dira Azokara.

Bonberenea Ekintzak zigiluak ere hainbat nobedade eramango ditu Durangora: Bad Sound, Bi Bala, Glaukoma eta Ze Esatek! taldeen lan berriak, esate baterako.

Bestalde, Maukaren standean aurkituko ditugu Arkada Social, Eratu, Fiachras, Iheskide, McOnak, Sermonds, The Friday Crew eta Voltaia taldeen lanak. Gainera, 5. urteurrenaren kariaz argitaratutako bilduma jarriko dute salgai.

Bidehutsek ere gutxienez bi lan aurkeztuko ditu: Anariren Zure aurrekari penalak, batetik, eta Jupiter Jonen Eta metaforak greba egin zeben, bestetik.

Horiek gutxi ez eta, Berri Txarraken Jaio.Musika.Hil diskoa egongo da eskuragarri Durangoko Azokan, Only in dreamsen eskutik. 5Gorak, ostera, Esne Beltzaren Esna proiektua eramango du Durangora, eta horixe berori egingo du Jo Ta Ke Ekoizpenak etxeak Su Ta Garren Jaiotze basatia lanarekin.

Bukatzeko, Talka Recordsek Fermin Muguruzaren Nola? argitaratu du, eta Kalaportu Sare Bideak eta Garoa Kultur Laben ardura izan da Lou Topeten berria argitara ematea.

Ohi legez, baten batzuek auto-ekoizpenaren aldeko apustua egin dute oraingo edizio honetan ere. Azokan horiek aurkeztuko dituzten lanen artean daude Sorkunen Ziklomorphosia, Suederren Bazan ordue, Estankonaren Ardatza eta Haxotzen Letaginak.