Albisteak

Uztailaren 28tik 30era

The Waterboys, Mundaka Festival jaialdiko lehendabiziko iragarpena

N.V. / L.Z. | EITB.EU

Mike Scotten taldea ez ezik, St. Paul and The Broken Bones, Los Enemigos, Aurora & The Betrayers, Highlights eta Kometa ere arituko dira. Bonuak salgai daude jada.

Mundaka Basque Music & Cook Festival jaialdiaren bigarren edizioa uztailaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute datorren urtean, eta dagoeneko iragarri dituzte han izango diren hainbat talderen izenak: The Waterboys, St. Paul and The Broken Bones, Los Enemigos, Aurora & The Betrayers, Highlights eta Kometa.

Aurreko edizioan bezala, musikak, surfak eta gastronomiak hartuko dute lekua jaialdia hartuko duen Mundakako txoko berezi horretan.

Sarrerei dagokienez, salgai dago jada hiru egunetarako abonamendua, 55 euroan.

Hala, The Waterboysen abesti mitikoez gain, St. Paul and The Broken Bonesen soul doinuek ere bustiko dute Bizkaiko aipatu udalerria. Horiez gainera, Aurora & The Betrayersek estudioko bigarren diskoa aurkeztuko du. Aurreikusitakoaren arabera, otsailean iritsiko da artista horren lan berria.

Nabarmentzeko modukoa da rockaren munduan beteranoak diren Los Enemigos madrildarren kontzertua ere, eta, oraingoz, Highlights eta Kometa izango direla euskal musikaren ordezkariak Mundakan.