Albisteak

Otsailaren 15ean

Lady Gagak David Bowie omenduko du Grammy sarietan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Beste hainbat artista ere igoko dira oholtzara otsailaren 15ean banatuko dituzten sarietan: Adele, James Bay, Ellie Goulding eta The Weeknd, kasu.

Grammy sariek David Bowie omenduko dute. Antolatzaileek aldaketak egin dituzte sari-banaketaren egitarauan, urtarrilaren 10ean zendutako abeslari britainiarra omentze aldera.

Hala, Bowieren jarraitzaile sutsua den Lady Gaga kantari newyorktarra arduratuko da haren irudia ohoratzeaz. "Hasieratik gorde genuen Gagarentzat aurtengo edizioko emanaldi nagusia, baina Daviden heriotzaren berri izan genuenean, norabidea aldatu behar izan genuen", esan du Ken Ehrlich galako ekoizleak.

"Jarraian hitz egin genuen Gagarekin, eta Daviden omenaldia bere esku uztea adostu genuen", gaineratu du. Bestalde, Nike Rodges, Bowieren Let's Dance diskoaren ekoizlea, izango da emanaldia zuzenduko duena.

Gainera, Lady Gagaren kontzertua ez ezik, Adeleren, James Bayren, Andra Dayren, Ellie Gouldingen, San Hunten, Tori Kellyren, Kendrick Lamarren, Little Big Townen, carrie Underwooden eta The Weeknden zuzenekoak hartuko ditu Grammy sarien galak, otsailaren 15ean.


>