Albisteak

Kontzertuen agenda

Euria eta musika eskutik helduta iritsiko dira asteburuan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Iker Lauroba, Bide Ertzean, Soulfly, Sex Museum, WAS, Mamba Beat, KOP, Iheskide, Sorkun eta Itziarren Semeak igoko dira taula gainera, asteburuan.

Eguraldi kaskarrari aurre egiteko modua izan daiteke kontzerturen batera joatea. Horregatik, hurrengo egunetan Euskal Herrian izango diren emanaldiak dituzue hementxe, eskuragarri.

OSTIRALA

Bermeon egingo dugu ostiraleko lehendabiziko geldialdia. Han, Eratu eta Han taldeen kantuak entzungo dira. Bilbon ere ez da musikarik faltako. Hain zuzen ere, Mamba Beat eta Unclose arituko dira Bizkaiko hiriburuan.

Bestalde, Donostian Sex Museumek astinduko du Dabadabako oholtza. Lasarten horixe berori egingo du Liherrek, eta Oñatin Bi Bala taldeak hartuko du lekua.

Bukatzeko, Soulfly, King Parrot eta Incite taldeak gonbidatuko dituzte Gasteizko Jimmy Jazz aretora, eta WAS eta Alejo, Tuterako Noboora.

LARUNBATA

Bertsioz jantzitako gaua izango da larunbatekoa Atarrabian. Izan ere, Masters of Rock Tribute ikuskizunak Metallicaren, AC/DCren eta Guns N' Rosesen abestiak taularatuko ditu.

Bilbon ere izango da zer entzun. StageLive aretoan, adibidez, Bob Marleryren omenezko kontzertua egingo dute. Kafe Antzokian, ostera, Obusen musika nagusituko da, eta 7 Katu gaztetxean, Iheskide eta Atxurre taldeena.

Ezin aipatu gabe utzi Burlatan Aztungal Rock jaialdia antolatuko dutela.

Gainera, Tulsa eta MobyDick Donostiara iritsiko dira; Sorkun eta Anai Arrebak, Durangora, eta Itziarren Semeak, Erandiora.

Asteburuko azken hitzordua Errenterian dugu, non Bide Ertzeanen Nola belztu behar da zuria emankizunak girotuko duen larunbata.