Albisteak

Kontzertuen agenda

Musika eta euria izango ditu protagonista otsaileko azken asteburuak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Belako, Ken Zazpi, Simple Plan, Cycle, El Drogas, Smoke Idols, Anestesia, Etsaiak, Vendetta eta Rural Zombies igoko dira oholtzara asteburuan.

OSTIRALA

Ken Zazpik Andoain bustiko du ostiral gauean, eta Belakok eta Rural Zombiesek horixe berori egingo dute Azpeitian. Gainera, Gasteizek Kutxi Romeroren zuzenekoa hartuko du.

Bestalde, Bilbon, Simple Plan eta Ghost Town igoko dira Santana 27 aretoko agertokira, eta Joseba B. Lenoir Gangen eta Joseba Irazokiren musika entzungo da Elorrion.

LARUNBATA

Izalek Bilbo bisitatuko du larunbatean. Handik gertu, Leioan, hain zuzen, Joseba B. Lenoir Gang arituko da, eta Donostian, Cycle eta Munlet. Elgetan ere izango da zer entzun, El Drogasen ikuskizunari esker.

Agendarekin jarraituz, azpimarratzeko modukoa da Belakok bigarren hitzordu bat duela larunbatean; kasu honetan, Smoke Idolsekin batera, Gasteizen.

Halaber, ezin esan gabe utzi Anestesiak doinu gogorrekin berotuko duela Leitza, eta Sorkunek Oñatin aurkeztuko dituela abesti berriak.

Dena den, zalantzarik gabe, Durango izango da musikazaleen topaleku asteburuan. Izan ere, euskal talde andana batuko da 40 Minutu Rock jaialdian: Ken Zazpi, Hesian, Kop, McOnak, Etsaiak, Vendetta, Txapelpunk, Soziedad Alkoholika...

IGANDEA

Igandean, doinu lasaiagoei gordeko zaie lekua. Baigorrin, esaterako, Anari eta Bernardo Atxaga aterako dira Etxauzia gazteluko oholtzara. Larrabetzun, ostera, Bide Ertzean eta Metrokuadroka egongo dira.

Bukatzeko, Cabezafuegoren musikaren lekuko izango da Bilboko Satelite T aretoa.