Albisteak

Kontzertuen agenda

Herriz herri, musika onenaren bila

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, McOnak, Keu Agirretxea, Ken Zazpi, Txapelpunk, Habeas Corpus, El Drogas eta Beira arituko dira asteburuan, Euskal Herrian.

OSTIRALA

Mursegoren doinu lasaiek Abadiño bustiko dute ostiralean. Igorrek, berriz, Keu Agirretxearen eta McOnaken kantu berriak hartuko ditu.

Gipuzkoan ere ez da musikarik faltako. Revolta Permanent Arrasaten arituko da; Cobra, The Inductions eta Rolling Dice, Errenterian, eta Itziarren Semeak eta Alquadrat, Tolosan.

Ezin aipatu gabe utzi, gainera, Aspencat eta Esne Beltza Iruñeko Zentral aretoko oholtzan ikusiko ditugula.

LARUNBATA

Azpeitian egingo dugu larunbateko lehendabiziko geldialdia. Han, Ken Zazpi eta Jon Basaguren izango dira jaun eta jabe. Elgoibarren, ostera, Joseba B. Lenoirren abestiak entzungo dira; Tolosan, Sorkunenak, eta Izpuran, En Tol Sarmiento, Txapelpunk eta Trikizio taldeenak.

Bilbon ere hitzordu garrantzitsuak daude: Aspencat eta Esne Beltza, StageLive aretoan, eta Cobra eta Minor Empires, Kafe Antzokian. Handik gertu, Amorebieta-Etxanon, hain zuzen, Habeas Corpusek eta Zesumak girotuko dute Gazte Eguna.

Bukatzeko, El Drogas indartsu aterako da Gasteizko Jimmy Jazz aretoko agertokira, eta Itziarren Semeakek horixe berori egingo du Arabako hiriburuko gaztetxean.

Azpimarratzekoa da, halaber, asteburu osoan Gernikako Lekuek jaialdia egingo dutela Gernika-Lumon, musikak leku garrantzitsua hartuko baitu bertan.

IGANDEA

Beira arduratuko da igandean Donostia musikaz janzteaz. Bestalde, Larrabetzun Lou Topet egongo da, Hori Bai gaztetxean.