Albisteak
Irailaren 2an eta 3an
Bloc Party, !!! eta Berri Txarrak, Kutxa Kultur Festibala jaialdian
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Local Natives, Young Fathers, Belako, Corizonas, Señores, Rural Zombies eta beste hainbat talde ere arituko dira irailaren 2an eta 3an, Donostian.
Donostiako Igeldoko jolas-parkeak ez dio urteroko musika hitzordu garrantzitsuenari hutsik egingo. Gauzak horrela, irailaren 2an eta 3an, Kutxa Kultur Festibala jaialdiak talde garrantzitsuak ekarriko ditu Gipuzkoako hiriburura.
Antolatzaileek gaur emandako prentsaurrekoan iragarri dutenez, Bloc Party izango da aurtengo kartelburuetako bat. Gainera, !!! (Chk Chk Chk), Local Natives, Young Fathers, Corizonas, Neuman, Nudozurdo, L.A., Dan Wilson Band eta Nuria Graham arituko dira.
Euskal musikak ere izango du lekurik aipatu agertokian. Aurtengo edizioan, besteak beste, Belako, Berri Txarrak, Señores, Izaro eta Rural Zombies egongo dira. Horiek, ordea, ez dira kontzertu bakarrak izango; izan ere, antolatzaileen esanetan, oraindik ez dute kartela itxi. Horrenbestez, hurrengo asteetan iragarpen gehiago egingo dituzte.
Kartela
Paul Letaburu diseinatzaile donostiarraren lana da aurtengo kartela, eta jolas-parkea irudikatzen den jaialdiaren ideia uztartu du bertan. Horrela, ume handiei zuzendutako eremua marraztu du; musikaz eta agertoki vintage batez gozatzeko aukera ematen duen agertoki bat, hain zuzen.
Berrikuntzak
Aurtengo berrikuntza nagusia jaialdiaren izena da. Izan ere, Donostia Kutxa Kultur Festibala izena hartu du jaialdiak.
Sarrerak
Maiatzaren 4an jarriko dituzte salgai abonamenduak, 30 euroan. Uztailaren 1etik aurrera, berriz, 42 euroko prezioa izango dute, eta, abuztuaren 12az geroztik, 50 eurora igoko da bonuen salneurria. Txarteldegian 60 euroan egongo dira salgai.
Sarrerak Kutxabank eta Ticketmaster sareetan, FNACen, Carrefourren, Halcon Bidaiak bulegoetan eta 902 15 00 25 telefonoan eskura daitezke.