Albisteak

Gaur, Senperen

Esne Beltza, Xutik eta Oreka TX, 'Herri Urrats' jaia girotzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, 2zio, Izerdi Gorria eta Begiz Begi ere izango dira gaur, maiatzak 8, Senpereko lakuan.

1:16

Gaur, maiatzak 8, hartuko du Senperek Herri Urrats festa. Goizean goiz hasi eta arratsaldera arte jai giroa nagusituko da, beraz, aintzira inguruan, eta etxeko txikienei zuzendutako jarduerek ez ezik, kontzertuek ere leku garrantzitsua beteko dute.

Esne Beltza taldea arduratu da aurten Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festari musika jartzeaz. Izan ere, Xabi Solanok gidatutako taldearen esku geratu da Herri Urratsen bideoklipa eta kantua egitea. Hori horrela, talde gipuzkoarrak ez du hutsik egingo, eta Nafarroa gunean arituko da, 17:30etik aurrera.

Ibilbidea zazpi gunetan banatuko dute; probintzi bakoitzeko gune bat. Hala, Araban, adibidez, Oreka TX, 2zio, Goulamas'K eta Izerdi Gorria igoko dira taula gainera, 14:00ak eta 18:30 bitartean.

Gipuzkoan, berriz, haurrentzako txokoa atonduko dute, eta Lapurdin, besteak beste, bertsolariak eta Ekizaren zuzenekoa egongo dira. Halaber, Balpore's disko-jartzailearen musika entzungo da.

Bizkaian tirolina eta abentura ibilbidea jarriko dituzte, eta Nafarroan, Esne Beltza ez ezik, Xutik, Begiz Begi, Dubioza Kolektiv eta Ozke ere aterako dira oholtzara.

Herri Urrats 33. edizioa

'Jalgi' lelopean, Herri Urratsen 33. edizioak beste bultzada bat eman nahi dio euskarari. Iparraldeko Ikastolen Elkarteak, Seaskak, ikastegi berria eraiki nahi du Baionan, lehenengo aldiz, lanbide heziketa euskaraz eskaini ahal izateko. Elkartetik adierazi dutenez, esfortzu ekonomiko handia egin beharko dute, izan ere, 10 milioi euroko inbertsioa behar dute lizeo berria eraikitzeko.

Iparraldean hezkuntza profesionala euskaraz ikasteko aukera izatea, pausu handia da euskal komunitatearentzat. Hala ere, Seaskatik adierazi dutenez, Ipar Euskal Herrian, euskarak dituen beharrizanak ez dira lizeo honen eraikuntzarekin bukatzen. Bidea luzea da eta, asko dago oraindik ibiltzeko normalizazio prozesuan.

Gaur, hortaz, Senpereko lakuan duzue hitzordua!

uzue hitzordua!