Albisteak

Bitxikeriak

Rock In Rio jaialdian arituko diren musikarien gutiziak

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Zer da kamerinoetan eta handik kanpo Bruce Springsteenek, Mikak, Maroon 5 taldekoek edota Ariana Grande eskatzen dutena?

Kamerinoen koloreek, jaki edo edari motek, argiaren intentsitateak edota kirola egiteko makinek buruhausteak ekartzen dizkiete munduko abeslari ezagunenei. Maiatzaren 19tik 29ra Lisboako Rock In Rio jaialdian arituko diren musikariek eta taldeek, bederen, eskakizun zorrotzak egin dituzte.

Jaialdiak berak eman du jakitera zein diren aurtengo edizioko musikarien eskaerak, eta Bruce Springsteenek, esate baterako, kamerino beltz bat eskatu du, kolore bereko altzariak dituena. Gainera, bere emaztearentzat beste kamerino bat eskatu du; kasu honetan, zuri kolorekoa. Halaber, bikotearen lagunak batzeko toki bat ere exijitu du.

Ariana Grandek, berriz, zuku-makina eta jaki organikoak nahi ditu, Rock In Riora begira. Maroon 5ekoek, ostera, koko berdeak eta kafea ehotzen duen makina agindu dute. Bien bitartean, Korn metal taldearen eskaera da argiek intentsitatea neurtzeko erreguladorea edukitzea.

Beharbada, Stereophonics taldekoak dira estuenak: besteak beste, Ingalaterrako ura, Txekiako garagardoa eta ardo frantsesa behar dituztelako.

Jakiak eta edariak alde batera utzita, Fergiek bizikleta estatikoa eta makillatzeko ispilua eskatu die antolatzaileei; Mikak, aitzitik, xanpaina.

Bukatzeko, Hollywood Vampires taldekoek gela bana izango dute. Antolatzaileen arabera, Johnny Deppek Dr.Pepper latak nahi ditu, baita arrautza egosiak ere; Joe Perryk, jengibredun tea eta zukuak, eta Alice Cooperrek, ura bitaminekin, gaztak eta marka jakin bateko poltsako patata frijituak.

frijituak.