Albisteak

Bira

Berri Txarrakek hamabost kontzertu iragarri ditu, irailera arte

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ekainaren hasieran Europatik ibiliko dira; Alemanian eta Herbeheretan aurkeztuko dituzte azken diskoko kantuak. Udan, berriz, jaialdiz jaialdi jardungo dute.

  • Argazkia: Tom Hagen

    Argazkia: Tom Hagen

Ekainean ekingo dio Berri Txarrak taldeak Europako birari. Hain zuzen ere, Parisen emango dute lehendabiziko kontzertua, ekainaren 2an. Handik Alemania aldera abiatuko dira: Karlsruhe bisitatuko dute, lehenik, hilaren 3an, eta egun bat geroago, Frankfurt harrapatuko dute.

Atsedenik gabe, Herbeheretarako bidea hartuko dute, Groningen eta Breda zapaltzeko. Ia egunero hitzorduren bat izango dute, hortaz, datorren hilabetearen hasieran. Izan ere, ekainaren 8an Alemaniara itzuliko dira, Kölneko jarraitzaileen musika egarria asetze aldera.

Behin Euskal Herrira bueltatuta, Iruñean dute aurreneko hitzordua, Tres Sesenta jaialdian. Aurreikusitakoaren arabera, lo gutxi egingo dute egun horretan Berri Txarrak taldekoek, hurrengo egunean Zaragozan aritzekoak baitira.

Ekaina gelditu gabe abiatuko badute ere, Zaragozako kontzertuaren ostean atseden pixka bat hartuko dute, indarberritzeko asmoz. Alabaina, uztaila hasi eta batera, errepidean izango dira, berriz, Barbateko Cabo de Plata jaialdia astintzen.

Hilabete horretan beste lau zuzeneko iragarri dituzte: Quintana de la Serenan, Pedreguerren, Vilanova I La Geltrun eta Mundakan, hain justu. Abuzturako, ostera, oraingoz, emanaldi bakar bat hitzartu dute: Candeledako Shikillo Festival jaialdian.

Bukatzeko, aipatzekoa da irailean Donostiako Kutxa Kultur Festibala girotzeko irrikaz helduko direla, Gipuzkoako hiriburura, Gorka Urbizu eta taldekideak.

Kontzertu guztiak

Ekainak 2, PARIS @ Eskual Etxea
Ekainak 3, KARLSRUHE @ Alte Hackerei
Ekainak 4, FRANKFURT @ Au-Fest Open Air 2016
Ekainak 5, GRONINGEN @ cafe de Zolder
Ekainak 6, BREDA @ Sound Dog
Ekainak 8, KÖLN @ Sonic Ballroom Köln
Ekainak 10, IRUÑEA @ Tres Sesenta Festival 2016
Ekainak 11, ZARAGOZA @ Zaragoza Parque Macanaz
Uztailak 1, BARBATE @ Cabo de Plata 2016
Uztailak 9, QUINTANA DE LA SERENA @ GraniRock 2016 - Revolution Fest
Uztailak 16, PEDREGUER @ Festes
Uztailak 23, VILANOVA I LA GELTRÚ @ El Tingladu
Uztailak 29, MUNDAKA @ Mundaka Festival 2016
Abuztuak 5, CANDELEDA @ Shikillo Festival 2016
Irailak 2, DONOSTIA @ Donostia Kutxa Kultur Festibala

r Festibala

r Festibala