Albisteak

Kontzertuak

Gatibuk aurki abiatuko duen birak AEB eta Mexiko harrapatuko ditu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Guztira bost kontzertu emango dituzte Ipar Amerikan, ekainaren 26tik uztailaren 7ra arte. Aurretik, Gasteizen eta Bartzelonan joko dute.

Duela gutxi iragarri genuen Gatibu taldeak Gasteizen emango duela "Euritan Dantzan" birako azken zuzenekoa. Hain zuzen, ekainaren 11n Arabako hiriburuan eskainiko duen emanaldia areto-birako azkena izango da Euskal Herrian. Hemendik kanpo, ostera, sei kontzertu iragarri dituzte; Ipar Amerikan, gehienak.

Hala, Gasteiz osteko lehendabiziko hitzordua Bartzelonan emango badute ere, ekainaren 27an New Yorkeko Brooklyn harrapatuko dute bizkaitarrek, eta egun bat geroago Mexiko Hirian arituko dira. Horiek, baina, ez dira Ipar Amerikan dituzten emanaldi bakarrak. Izan ere, ekainaren 30ean San Frantziskoko Euskal Etxea bisitatuko dute; uztailaren 3an, Kaliforniako Chino hiria, eta uztailaren 7an, Washington.

Gainera, areto-bira bukatutzat eman arren, litekeena da etxetik gertuko jairen bat edo beste girotzea udan. Nolanahi dela, oraindik ez dute horri buruzko informaziorik eman.

Hurrengo kontzertuak

Ekainak 11, Gasteiz

Ekainak 18, Bartzelona

Ekainak 26, Brooklyn

Ekainak 28, Mexiko Hiria

Ekainak 30, San Frantzisko

Uztailak 3, Chino (Kalifornia)

Uztailak 7, Washington

Sarrerak Musikaze webgunean daude eskuragarri.

GATIBU KARTELA