Albisteak

Ezustekoa

Guns N' Roses taldeko partaideak atxilotu dituzte, armak eramateagatik

Erredakzioa | EITB.EUS

Poliziak atzemandako pistola ez omen da taldekideena. Horixe esan dute, bederen, Alx Rosek eta taldeko bozeramaile batek.

Guns N' Roses taldeko musikariak atxilo hartu dituzte AEB eta Kanada arteko mugan, su-armak eramateagatik. The Guardianek zehaztu duenez, pistola bat atzeman diete taldekideei aduanan.

Filadelfia eta Toronto arteko bidaia egiten ari zirenean, Poliziak gelditzeko agindua eman zien, eta aduanako agenteek arma bat atzeman zieten miaketa eginda.

Hori gertatu arren, Axl Rose taldeko abeslariak esan du "oso atseginak eta ulerkorrak izan zirela". "Batzuetan gertatzen da. Ahaztu egiten zaizu pistola bat daramazula. Ez zen nirea", gaineratu du.

Taldeko buruaren adierazpenak Guns N' Roses taldearen bozeramaile batek berretsi ditu, arma ez zela taldeko kideena esan baitu. Hortaz, Ipar Amerikatik bira egiten jarraituko dute hurrengo egunetan, eta azaroan Brasil bisitatuko dute.

Musika taldeek aurretik ere izan dituzte arazoak Kanadako segurtasun-indarrekin. Duela egun gutxi, Red Hot Chili Peppers taldeko partaideak atxilotu zituzten, mugan lanean zeuden agenteei autografoak sinatzeagatik.