Albisteak

Ezbeharra

Su Ta Garrek bertan behera utzi ditu epe motzera dituen kontzertuak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Aitor Gorosabelek atzamar batean duen lesioaren ondorioz, Su Ta Garrek ez ditu Villabonan, Lemoan, Romon eta Kanbon hitzartuta zituen kontzertuak emango.

Su Ta Garrek bertan behera utzi ditu epe motzera aurreikusita zeuzkan kontzertu gehienak, taldeak sare sozialen bidez azken orduan jakitera eman duenez.

Agirian zehaztu dutenaren arabera, Aitor Gorosabel taldeko abeslariak atzamar batean duen lesioarengatik eten dute bira. Dirudienez, duela gutxi egindako eztarriko ebakuntza gaindituta zuenean, atzamar bateko tendoi eta nerbio baten hausturak behartu du Gorosabel berriro baja hartzera.

Atzamarreko lesioa osatze aldera, ebakuntza-gelatik pasatu da berriz ere, eta denbora batez ezingo du gitarra jo artista eibartarrak. Alabaina, ez dute zehaztu noiz arte egongo diren oholtza zapaldu gabe.

Uztailerako eta abuzturako bost kontzertu zituzten iragarrita: Villabonan, Lemoan, Romon, Kanbon eta Laudion, hain zuzen ere. Horietatik lau atzeratu dituzte; guztiak, Laudiokoa salbu.

Disko berria

Lesioak, ostera, ez du taldekideen gogoa eta ilusioa zapuztu, eta aipatu agirian zehaztu dutenez, Gorosabel buru-belarri dabil disko berriaren kantuak prestatzen.

/p>