Albisteak

Urriaren 16an

Enkore, En Tol Sarmiento eta Oihan Vega, Nafarroa Oinezen protagonista

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Leihotikan, Kometa eta Izaki Gardenak ere aterako dira agertokira urriaren 16an Nafarroako ikastolen alde egingo duten festan.

Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatu dute aurten Nafarroa Oinez festa. Lehenengo aldiz, bi ikastetxeren artean antolatu dute Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Hortaz, berezia izango da "Hartu, tenka, tira" lelopean egingo duten hitzordua.

Musikari dagokionez, behintzat, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, eta gustu guztiak asetzeko adina emanaldi egongo dira.

Erentzun gunean, ibilbidearen lehenengo gunean, umeentzako jolasak eta jarduerak egingo dituzte. Bigarren gunean, Endregoton, besteak beste, Leihotikanen, Enkoreren, Bolboraren eta Oihan Vegaren musikaz gozatuko dute bisitariek. Hirugarrenean, Pipergontzin, Kometa eta E.T.S. (En Tol Sarmiento) igoko dira oholtzara, eta laugarrenean, Ibaialden, Izaki Gardenak arituko da.

Esan gabe doa bestelako ekitaldiak ere egongo direla egun horretan: bertso-saioak, erronkak eta dantza-ikuskizunak, kasu.

nafarroa oinez 2016 egitaraua