Albisteak

Musika, Euskal Herrian

Kontzertuen agenda prest da urriari harrera egiteko

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Eraso!, Liher, Depedro, McOnak, Motxila 21, Bi Bala, Ze Esatek eta Etxe nabarmendu behar dira asteburuko kontzertuen agendan.

OSTIRALA

Amurrion egingo dugu larunbateko lehenengo geldialdia. Han Eraso! eta Izate Faltsua arituko dira; Gasteizen, berriz, Anari.

Gipuzkoa aldean ere egongo da zer entzun. Liherrek, adibidez, Donostiako Doka aretoko oholtza zapalduko du, eta Depedrok horixe berori egingo du Bukowskin.

Handik ez oso gertu, Ziburun, hain zuzen, Petti eta Double Kicken doinuak entzungo dira, eta, bukatzeko, Afuk eta Potatok Bilboko Uribarri eta Matiko auzoetako jaiak girotuko dituzte.

LARUNBATA

Atarrabian festa-giroa izango da nagusi, Lur-J, Bourbon Kings eta Oihan Vegari esker.

Dena den, Gipuzkoan aurkituko ditugu larunbateko zuzeneko garrantzitsu gehienak. Elgoibarren, esaterako, Jon Basaguren aterako da agertokira; Iruran, Bi Bala, Kimbala eta DJ Bull; Zumaian, Liher eta Rukula, eta Oñatin, Marianitoz Blai, McOnak eta Gaitzerdi.

Halaber, Gasteizko Jimmy Jazz aretoak denetariko estiloak jasoko ditu larunbatean, Emaion, Motxila 21, Moonshine Wagon eta El Ultimo Txikitero taldeen eskutik.

Azken bi hitzorduak Bizkaian ditugu. Batetik, Etxe Berrizen izango da, disko berriko kantuak taularatzen, eta, bestetik, Ze Esatek eta Oxabi taldeen emanaldiak hartuko ditu Zallak.

IGANDEA

Asteburuari bukaera biribila emateko, Bergara bisita dezakete musikazaleek, Kilometroak festa dela eta, hainbat talde arituko baitira bertan: Doctor Deseo, Anari, Kometa, Ze Esatek?