Albisteak

Bira

Porco Bravok zazpi kontzertu emango ditu urtea bukatu orduko

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Atarrabia, Barakaldo eta Gernika bisitatuko dituzte datozen hilabeteetan. Gainera, Burgos, Murtzia, Santander eta Bartzelona harrapatzeko asmoa dute.

Agenda beteta du Porco Bravo talde bizkaitarrak. Iaz argitaratutako La Piara diskoa oraindik zuzenean entzun ez dutenek, beraz, aukera dute oraindik taldearen kantu berrienak gertutik jarraitzeko. Izan ere, urria eta abendua bitartean zazpi emanaldi iragarri dituzte.

Sare sozialen bidez zabaldu dutenez, urriaren 7an, alegia, ostiral honetan, Atarrabiako jaiak girotzeaz arduratuko dira, eta horixe bera egingo dute astebete geroago Barakaldoko Bagatzako festetan. Ondoren, Euskal Herritik atera eta Burgos aldea bisitatuko dute. Hain zuzen ere, bertantxe arituko dira urriaren 22an, El Hangar aretoan.

Behin kontzertu horiek emanda, hilabeteko atsedenaldia hartuko dute, baina azaroaren 25ean taula gainera igoko dira berriro, Murtzia astintzeko asmoz.

Bukatzeko, abendurako hiru hitzordu iragarri dituzte: hilaren 3an, Santanderren; 10ean, Gernikan, eta 30ean, Bartzelonan.

n, Bartzelonan.