Albisteak

Kontzertuak, Euskal Herrian

Disko berrien aurkezpenek hartuko dute indarra asteburuko agendan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Yellow Big Machine, Green Valley, Piztiak, Sorkun, Bi Bala, Leihotikan, KOP, Izaki gardenak eta Joseba B. Lenoir arituko dira asteburuan, Euskal Herrian.

OSTIRALA

Denetariko estiloak entzungo dira ostiral gauean. Bilbon, esaterako, El Gran Wyoming & Los Insolventes igoko dira Kafe Antzokiko agertokira. Handik gertu, Durangon, zehazki, Morganek, Bullittek eta Yellow Big Machinek girotuko dituzte txosnak.

Bizkaian ez ezik, Araban ere egongo da kontzerturen bat edo beste; Ekizak eta Montauk Duok Gasteizen emango dutena, adibidez.

Gainerako hitzordu garrantzitsuenak Gipuzkoan ditugu: Green Valley, Donostian, eta Belarmiñak eta Perlak, Tolosan.

LARUNBATA

Ordiziarrocken hirugarren eta azken egunak, besteak beste, Nikkinen, Get Deaden, Meisteinen, Zesuraren, Sorkunen eta Bi Balaren musikarekin jantziko du herria. Oñatin, berriz, Izaki Gardenak eta Garoa arituko dira, eta Tolosan, Mikel Uraken eta Joseba Irazoki.

Aipatzekoa da, halaber, Donostiak Saratogaren bisita jasoko duela; Eibarrek, Mikel Arrieta, Izeberg, Habemus papam, Larroin, Left hook eta Dj Txima musikariena, eta Mutrikuk, Piztiak taldearena eta Keu Agirretxea abeslariarena.

Larunbateko azken geldialdia Santurtzin egingo dugu. Leihotikan, KOP eta Makabi bihurtuko dira bertan gaueko protagonista.

IGANDEA

Iganderako, Luhartzen zuzenekoa iragarri dute Durangon. Horrez gain, Joseba B. Lenoir igoko da Ziburuko Maitenia ostatuko oholtzara.