Albisteak

Moldaketak

Izar and Star kontzertu-zikloak aurreneko emanaldiak iragarri ditu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Mikel Urdangarinek, Rafael Berriok, McEnroek eta Xabier Montoiak beste artista batzuen kantuak moldatuko dituzte.

Udazkena bero-bero dator musikari dagokionez. Horixe da, behintzat, Izar & Star zikloak sare sozialen bidez zabaldu duen mezua, eta orain arte iragarritako emanaldiak ikusita, aurtengo edizioa ere indartsu datorrela esan daiteke.

Bihar bertan emango dio hasiera zikloari Mikel Urdangarinek. Bilboko Campos Antzokian izango da abeslari zornotzarra Leonard Cohenen doinuak taularatzen. Egun bat geroago, Donostiako Tabakaleran arituko da.

Bigarren hitzorduan, Rafael Berrioren eta Poch & Derribos Ariasen estiloak uztartuko dira. Kasu horretan, azaroaren 24rako iragarri dute lehenengo kontzertua Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokian, eta azaroaren 26rako, bigarrena, Tabakaleran.

Hirugarren gonbidatua Getxotik helduko da. Hala, McEnroek XXI. mendeko folk eta rock musika estatubatuarra moldatuko du. Hain zuzen ere, Damien Juradoren eta Bill Callahanen abestiak hartuko ditu ardatz. Oraingoz, Bilbon soilik dira aritzekoak, azaroaren 25ean.

Bukatzeko, abenduaren 1ean, Xabier Montoia aterako da Kafe Antzokiko agertokira.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika albisteak