Albisteak

Kontzertua

La Oreja de Van Goghen birak Bilbo harrapatuko du 2017ko otsailean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Otsailaren 26an Arriaga Antzokian izango da talde gipuzkoarra. Sarrerak salgai daude jada.

Bilbon datorren urteko otsailean emango duen kontzertuarekin, bost dira guztira La Oreja de Van Gogh taldeak Euskal Herrian iragarritako emanaldiak.

Azaroaren 4an ikusi zuen argia El Planeta Imaginario donostiarren estudioko disko berriak, eta aste bakarrean "Verano" kantuak milioi bat entzunalditik gora izan zituen. Hartara, hainbat hilabetez taldeak egindako lana fruitua ematen ari da, eta aurki abiatuko duen birari azken zertzeladak ematea besterik ez zaio geratzen orain.

Lau urte inguru daramatzate Euskal Herrian kontzerturik eman gabe. Horregatik, bost zuzeneko eskainiko dituzte abendua eta martxoa bitartean. Dakizuenez, lehena Gasteizen izango da; ondoren, Donostia zapalduko dute birritan, eta, azken orduan jakitera eman dutenez, Iruñera iritsi aurretik, Bilbon arituko dira, Arriaga Antzokian.

KONTZERTUAK

Abenduak 17, Gasteiz (azaroaren 17tik aurrera egongo dira salgai sarrerak)

Abenduak 27, Donostia (sarrerak agortuta daude)

Urtarrilak 21, Donostia (sarrerak salgai daude)

Otsailak 26, Bilbo (sarrerak salgai daude)

Martxoak 19, Iruñea