Albisteak

Urtarrilean eta otsailean

Su Ta Gar taldearen antzokietako bira berezia, abian

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Iragarritakoaren arabera, Andoain, Arrasate, Ermua, Bilbo eta Iruñea bisitatuko dituzte urtarrila eta otsaila bitartean.

Su Ta Gar taldeak Euskal Herriko hainbat antzokitan aurkeztuko du Maitasunari Pasioa lan berria hurrengo asteetan. Esku artean duten diskoa orain arte argitaratutakoetatik aldendu da erabat, eta gauza bera gertatuko du aurrerantzean eskainiko dituzten zuzenekoekin ere. Gainera, taldekideen esanetan, seguruenik ez dira berriro mota horretako kontzertuak errepikatuko.

Emanaldietarako egindako kantu aukeraketari eta antzokiek erakusten duten xarmari esker, emozioz jositako kontzertuak izango direla ziurtatu dute, betiere publikoa lagun dutela.

Lehenengo hitzordua atzo (urtarrilak 13) izan zuten, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Urtarrilaren 21ean, berriz, Arrasateko Amaia Antzokian arituko dira, eta hilaren 27an, Ermua Antzokian.

Otsaileko lehenengo kontzertua Bilbon izango da, Arriaga Antzokian, hilaren 5ean. Bukatzeko, otsailaren 17an Iruñeko Gayarre Antzokia bisitatuko dute Aitor Gorosabelek eta taldekideek.