Albisteak

Kontzertuak

Gatibu, Iruñea astintzeko gogoz

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Larunbatean eta igandean Nafarroako hiriburua bisitatuko du Gatibu taldeak. Lehenengo egunerako sarrerak agortuta daude.

Agertokiz agertoki dabil azkenaldian Gatibu taldea Aske maitte, aske bizi diskoa aurkezten. Aurreko asteburuan Bilbon izan ziren, Santana aretoan. Bi kontzertu eman zituzten han; urtarrilaren 6an lehenengoa, eta urtarrilaren 7an, bigarrena.

Asteburuan, berriz, Iruñea izango dute jomugan, eta Zentral aretoan bi egun jarraian aterako dira oholtzara Alex Sardui eta taldekideak: larunbatean eta igandean.

Arrakastatsua izaten ari da bizkaitarren bira. Petritegi sagardotegian eskaini zuten emanaldian sarrera guztiak agortu dituzten, baita Bilboko hitzorduetako batean ere. Halaxe gertatu da, baita, Nafarroako hiriburuko larunbateko zuzenekoan. Iganderako, aitzitik, oraindik ere geratzen dira sarrera batzuk, eta Gaztean ere baditugu lau gonbidapen zuen artean zozkatzeko.