Albisteak

Emanaldia

U2k zortzi ordutan agortu ditu Bartzelonako kontzerturako sarrerak

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Oraingoz ez du bigarren kontzerturik iragarri Kataluniako hiriburuan, baina bai beste zenbait herritan; Londresen, Erroman, Parisen eta Amsterdamen, kasu.

U2 taldeak zortzi ordutan agortu ditu, "U2: The Joshua Tree Tour" biraren baitan, Bartzelonan emango duen kontzerturako sarrerak. Emanaldia Estadio Olinpikoan izango da uztailaren 18an, Live Nationek jakitera eman duenez.

Sarrerak atzo goizean jarri zituzten salgai, eta leku gehienetan agortu zituzten berehala. Dublingo Croke Parkeko zuzenekorako sarrerak, adibidez, sei minutuan agortu ziren.

Live Nationeko iturrien arabera, Bartzelonan geldiago saldu dira sarrerak, zenbakituta zeudelako. Segurtasun gisa hartu dute neurri hori antolatzaileek.

Hitzordu gehienek izan duten arrakastaz jabetuta, U2k iragarri du hainbat hiritan bigarren emanaldi bat eskainiko duela; Londresen, Erroman, Parisen eta Amsterdamen, kasu. Kataluniako hiriburuan, aitzitik, oraingoz ez dute bigarren datarik iragarri.

Taldearen 30. urtemuga ospatuko duen bira maiatzaren 12an hasiko da Ipar Amerikan, eta uztailaren 8an iritsiko da Europara.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika albisteak