Albisteak

Kontzertuak

Musikak leku garrantzitsua beteko du, berriro ere, asteburuko agendan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Niña Coyote eta Chico Tornado, Izaro, Belako, Willis Drummond, Leon Benavente, Traingulo de Amor Bizarro eta Zea Mays arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Belakok Alegian du hitzordua ostiral gauean; Sumission City Blues eta What a Band taldeek, Azkoitian, eta Izarok, Bergaran.

Gipuzkoak ez ezik, Bizkaian ere hainbat kontzertu hartuko ditu. Leon Benavente eta Cavaliere, adibidez, Bilboko Kafe Antzokiko agertokira aterako dira, sarrera guztiak agortuta. Inun bakarlaria ere Bilbon izango da, baina, kasu honetan, Biba!-n. Handik ez oso urruti, Leioan, hain zuzen, Gari & Maldanberaren musika entzungo da, eta Elorrion astinaldi ederra emango dute Eraso eta Humus taldeek.

Bukatzeko, Joseba Irazokik eta Nirek Gasteiz bisitatuko dute ostiralean.

LARUNBATA

Su Ta Garrek Arrasaten aurkeztu ditu larunbatean disko berriko kantuak. Willis Drummondek horixe berori egingo du Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Niña Coyote eta Chico Tornado lagun.

Bestalde, Donostiak Triangulo de Amor Bizarroren kontzertua hartuko du; Tolosak, Señores eta Yellow Big Machine taldeen emanaldia, eta Mutrikuk, Izaki Gardenaken eta Nabilen zuzenekoak.

Azpimarratzekoa da, halaber, Ruper Ordorikaren kantuekin jantziko dela Gasteizko Jimmy Jazz aretoa.

Gainerako zuzeneko nabarmengarrienak Bizkaian izango dira. Egurra eta Kitto, Sarkor eta Skama la Red Barakaldon arituko dira; Zea Mays eta Vinagre de Moderna, Sestaon, eta Belako eta Lukiek, Gernika-Lumon.