Albisteak

Bira

PiLT taldeak lau kontzertu emango ditu maiatzean

Bilbon, Atarrabian, Tolosan eta Gasteizen arituko da maiatzean PiLT. Horiek izango omen dira taldea berriro agertoki gainean ikusteko aukera bakarrak.

PiLT taldeak agertokietara itzultzeko asmoa zuela iragarri genuen duela egun batzuk, eta dagoeneko badakigu noiz eta non emango dituen atsedenaldiaren osteko kontzertu horiek. Azken orduan sare sozialen bidez zabaldutako informazioaren arabera, lau zuzeneko hitzartu dituzte, maiatzerako guztiak.

Hasteko, maiatzaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokiko oholtzara aterako dira, eta horixe berori egingo dute egun bat geroago Atarrabiako Totem aretoan. Hilaren 12an, berriz, Tolosako Bonberenean dute hitzordua, eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoan amaituko dute bira, maiatzaren 13an.

Argi utzi dute horiexek izango direla aukera bakarrak, PiLT berriro agertoki gainean ikusteko.

Kontzertuetan boskote gisa azalduko dira, taldeak izandako bi baxu-jotzaileak, Txarlie Solano eta David Gonzalez, elkarrekin arituko baitira.

Horrenbestez, Rafa Ruedak, Aitor Abiok, Xanpek, Txarlie Solanok eta David Gonzalezek osatuko dute taldea. Taldekide guztiak beste proiektu batzuetan murgilduta daudela kontuan izanda, bost musikariek "ahalegin berezia egingo dute agendak egokitzeko".

Rafa Ruedak, bere aldetik, bakarkako hainbat lan argitaratu ditu, poesia, musika eta literatura uztartzen dituzten "Zaharregia, txikiegia agian" eta "Jainko txiki eta jostalari hura" proiektuetan hartu du parte, eta, besteak beste, Lou Topetekin aritu izan da azkenaldian. Xanpek eta Aitor Abiok, berriz, nahaste-mahaiaren atzealdean jarduten dute, soinu-teknikari eta ekoizle lanak eginez. Bestalde, David Gonzalez Berri Txarrak eta Cobra taldeetako baxu-jotzailea da, eta Txarlie Solanok Madrilen egin du ibilbide musikala. Orain, Mabu proiektuan murgilduta dago Solano.

Guztira, estudioko bost disko argitaratu zituen PiLT taldeak: PiLT (1995), Denbora (1998), 3 (1999), Minus (2002) eta Game Over (2004).

er (2004).