Musika

Kontzertuak

Eskaintza zabala dakar asteburuko kontzertuen agendak

I.A. | eitb.eus

Besteak beste, Niña Coyote eta Chico Tornado, Izaro, Vendetta, Zea Mays, Hesian eta The Icer Company arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Vendettak "Brother" diskoaren aurkezpena egingo du Donostiako Doka aretoan. Vulk eta Cala Vento ere Donostian ikusteko aukera izango duzu, baina Dabadaban.

The Riff Truckers-en musika entzungo da Bilborock-en. Dinero talde madrildarra ere Bilbon izango da, baina horiek Stagelive aretoko eszenatokira igoko dira. Gasteiz bisitatuko du Coque Mallak.

Azkenik, Joseba B Lenoir-en doinuak girotuko du Azkaine gaueko 22:00etatik aurrera.

LARUNBATA

Musika indartsu sartuko da apirilean. Bi musika jaialdi hartuko ditu Nafarroak. Iruñean 2. BrutenFest ospatuko da eta hiriburuko bost taldek hartuko dute parte: Xoriñoak Kaloian eta Bastart Kowboys izango dira horietako bi. Tafallan, berriz, III. Street Sounds Fest egingo da. Gatillazo, Never Surrender eta Galtzagorriak bezalako taldeek girotuko dute festa. Bestalde, Lendakaris Muertos-ek joko du Tuteran.

Bilbo aldean bazabiltza baduzu plana. Izaro izango da Bibako protagonista. Kafe antzokian ere egongo da zer entzun, Hesian taldea igoko baita eszenatoki gainera.

Gipuzkoan ere ez da musika faltako. Zea Mays "Harro" diskoa aurkezten ari da eta Azpeitian egingo du apirileko aurreneko geldialdia. Kokain taldea arituko da bere aurretik. Niña Coyote eta Chico Tornado Tolosan izango dira eta The Icer Company, Oiartzunen.

Amurrion The Soulbreaker Company taldea entzuteko aukera izango dute.

IGANDEA

HatortxuRock 20. jaialdiaren aurkezpen ekitaldia egingo dute Lakuntzako Kultur Etxean. Zuzenean arituko dira Olatz Salvador eta Xabi Solano & DZ.