Albisteak

Maiatzak 14an, Senperen

Huntza, Zea Mays eta Ken Zazpi, Herri Urrats girotzen

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

Zoo, Xabaltx eta Anje Duhalde ere izango dira maiatzaren 14an, igandean, Senperen.

4:06

Maiatzaren 14an ospatuko da Herri Urrats Senperen. Festarik ez da faltako egun horretan, goizean goizetik egongo baita jai giroa aintzira inguruan. Etxeko txikienei zuzendutako jarduerez gain, kontzertuek ere protagonismo handia izango dute.

Euskal talde ezagunen musika entzungo da bertan antolatu dituzten guneetan. Huntza taldearen trikiti doinuek lagunduta dantzatzeko eta abesteko parada izango duzu Senperen igandean.

Zea Mays taldeak ere egon nahi izan du ikastolen aldeko festan, eta "Harro" izeneko lan berriarekin bertaratuko dira bilbotarrak.

Ken Zazpi aurtengo edizio honetan ere izango da, noski, talde bizkaitarrak egin baitu, Amets Arzallusekin batera, Herri Urrats 2017ko abestia.

Ipar Euskal Herriko taldeek ere parte hartuko dute Bernat Etxepare lizeoari laguntzeko jaian. Horien artean, Zoo, Xabaltx eta Anje Duhalde igoko dira agertokira.

Herri Urrats 34. edizioa

'Haizu!' lelopean, euskarari laguntzen jarraituko du Herri Urratsen 34. edizioak. Iparraldeko Ikastolen Elkarteak, Seaskak, Iparraldeko ume eta gazteek hezkuntza euskaraz jasotzeko aukera zabaldu nahi du.

Aurten aurreko urteko proiektuari eutsiko diote, eta Baionako Bernat Etxepare lizeoarentzat izango da festan lortzen duten diru guztia.

Badakizue! Maiatzaren 14an, Senpereko lakuan duzue hitzordua!

 

ordua!