Albisteak

Elkarrizketa

Zuriñe Hidalgo: "Eraso sexistak kontatu eta salatu egin behar dira"

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Larunbat goizaldean etxerantz zihoala bizitako egoera deseroso baten berri eman digu Hesianeko abeslariak 'Gaztea Box'en.

Larunbat goizaldean bizitako egoera deseroso baten berri eman digu bart Zuriñe Hidalgok 'Gaztea Box' saioan. Beasainen kontzertua eman ostean, Donostiara (etxera) bidean zihoala gertatutakoa kontatu digu, hain zuzen ere, Hesian taldeko abeslariak.

Gizonezko batekin bidean gurutzatu, eta, hitzen eta begiraden bitartez, eraso egin ziola aitortu digu kantariak. Hori gutxi ez eta, Zuriñeri segika ibili zen gizonezkoa.

"Beldurra pasatu nuen, eta ez da lehenengo aldia antzeko egoera bat bizi dudana. Eskua gainean jarri ez zidan arren, oso egoera deserosoa izan zen", adierazi du. "Emakumeok ez dugu kalean ausartak izan nahi, libre sentitu nahi dugu", gaineratu du.

Ildo horretan, Hesianeko kantariak nabarmendu du emakumea deseroso sentitzen den unean sortzen dela arazoa, eta erasotzat hartu behar ditugula horrelako bizipen desatsegin guztiak. "Ukitu ez arren, erasoa egon badago", azaldu du.

Horregatik, hain sarritan gertatzen diren egoera horiei ez diegula garrantzirik kendu behar esan du: "Estutasun momentu horiek salatu egin behar dira".