Albisteak

'Arkupe hotsak' egitasmoa

Musika sortzaile berrien topaleku bilakatuko da Azpeitia

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

'Arkupe hotsak' egitasmoak euskal musika hedatu nahi du, artista berrien proiektuak goratuz, batik bat.

Azpeitiko Sanagustin kulturgunea kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak bultzatutako 'Arkupe hotsak. Soinu berrien plaza' ekimenak sortzaile berriei zein garatze bidean dauden musika proiektuei laguntzea bilatzen du. Hala, Gazteak, Badokek eta Musikazuzeneanek lagunduta, egitasmoak helburu du herriko, eskualdeko zein Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea, baita, euskarazko sorkuntzarako baliabideak jarrita, euskal musikari hedapena ematea ere. Besteak beste, kontzertuak, grabaketak eta erakusketak daude baliabide horien artean daude.

Arkupe hotsak egitasmoan parte hartzeko ez da ezer berezirik behar. Antolatzaileek aukeraketa bat egingo dute deialdien epeen barruan aurkeztutako taldeen artean. Horrela, kontzertua emateko abagunea izango dute aukeratuek, eta taldeetako batek diskoa grabatzeko aukera ere izango du.

Horretarako, urtean bi deialdi egingo dituzte: horietako bat zabalik dago jada, eta bestea azaro aldera abiatuko dute. Deialdi bakoitzean hamar talde inguru aukeratuko dituzte.

Hori horrela, beste horrenbeste kontzertu antolatuko dituzte urtero; hilabetean bat, gutxi gorabehera. Kontzertu bakoitzean bi talde igoko dira agertokira, eta asteburuetan egingo dituzte zuzeneko guztiak, doako sarrerarekin.

Zein hizkuntzatan abesten duten gorabehera, euskarak lehentasuna izango du hautaketan.

Izena emateko, kulturaz.eus atarira jo beharko dute musikariek.