Albisteak

Gatiburen bideoklipak 21.000 ikustaldi izan ditu Gaztean, hiru egunetan

Gainera, sare sozialen bidez milaka lagunek partekatu dute bideoa. Facebooken soilik ia 2.500 erabiltzailek zabaldu dute lagunen artean.

Ostiralean Gaztearen webgunean estreinatu genuen Gatibu taldearen "Aske Maitte" bideoklipa. Izaro kantariarekin batera, bideo biribila egin dute oraingo honetan bizkaitarrek. Ostiralean estreinatzeak ere bazuen arrazoi potolo bat atzean. Izan ere, San Joan bezpera aitzakiatzat hartuta, udako solstizioarekin batera argitaratu nahi zuen bideoklipa Gatibuk.

Hiru egunetan bideo horrek izan duen arrakastaren arrazoiak, ostera, beste batzuk dira. Alde batetik, Gernikako Ross dantza-eskolak egindako koreografiak eta, bestetik, Gatiburen erritmo itsaskorrek eragina izan dute. Halaber, Izaroren eztitasunak lagundu egin du horretan.

Hala, Gaztearen webgunean 21.000 ikustaldi izan ditu bideoklipak asteburuan; marka guztiak ondu dituzte, beraz. Gainera, sare sozialen bidez milaka lagunek partekatu dute. Facebooken soilik ia 2.500 erabiltzailek zabaldu dute Gaztearen bideoa lagunen artean.

Zorionak, Gatibu!