Albisteak

‘El Dorado’ bira

Shakira BECen arituko da, azaroaren 17an

Natxo Velez | eitb.eus

Kolonbiar kantariak Barakaldon emango duen kontzerturako sarrerak ekainaren 30ean jarriko dituzte salgai, 10:00etan.

Shakirak kontzertua eskainiko du azaroaren 17an Barakaldon, Bilbao Exhibition Centre erakustazokan. “El Dorado” nazioarteko biraren barruan —Europan eta Estatu Batuetan zehar eramango du kontzertu sorta honek— Espainiako Estatuan egingo duen lehen kontzertua izango da Euskal Herrikoa.

Hamabi Grammy sari irabazi dituen kolonbiar artistak Bizkaiko Foru Aldundiaren kolaborazioari esker eskainiko du kontzertua BECen. Hain zuzen ere, Guns N' Rosesen kontzertua iragarri zutenean, bigarren ikuskizun handi bat ere izango zela aurreratu zuen foru gobernuak.

“El Dorado” bira

Bira azaroaren 8an hasiko da, Kolonian, Alemanian, eta Europa eta Ameriketako Estatu Batuetan zehar zabalduko da gero, besteak beste Parisen eta New Yorkeko Madison Square Gardenen geldialdiak eginda. Aurrerago, Latinoamerikako emanaldiak iragarriko dituzte.

Shakirak “El Dorado” bere hamaikagarren diskoa kaleratu eta gero abiatuko dute bira hau. Besteak beste, "La Bicicleta", "Chantaje", "Me Enamoré" eta "Déjà vu" kantu arrakastatsuak bildu ditu lan horretan.

Sarrerak

Sarreren salmenta orokorra ekainaren 30ean hasiko da, 10:00etatik aurrera, livenation.es-en, Ticketmaster sarean eta El Corte Inglesen; merkeenak 60 euroan (gehi gastuak) jarriko dituzte salgai. Ekainaren 28tik aurrera, viber.com/es webguneko aurresalmentara sartu ahalko da, eta hilaren 29tik aurrera, livenation.es-enera.