Albisteak

Azken ordukoa

EHZ Festibalak iragarri du bertan behera gelditu dela aurtengo edizioa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Gaur zen hastekoa jaialdia, baina eguraldi kaskarra dela eta, segurtasuna bermatzea ezinezkoa dela adierazi dute antolatzaileek. Aldi berean, elkartasunerako deia egin dute.

  • EHZ Festibala

    EHZ Festibala

EHZ Festibala jaialdiko antolatzaileek bertan behera utzi dute aurtengo edizioa, eguraldi kaskarra iragarri dutelako. Hain zuzen ere, jakinarazi dute ez dituztela egingo gaurtik igandera arte Lekornen aurreikusita zeuden kontzertu eta jarduera guztiak.

Publikoaren, musikarien eta boluntarioen segurtasuna bermatzea ezinezkoa dela argudiatuta, "pena handiz" hartu dute 22. edizioa izan behar zena bertan behera uzteko erabakia. Egoera horren aurrean, elkartasunerako deia egin dute antolatzaileek, eta herritarren laguntza eskatu dute, dela ekonomikoki ekarpenak eginez dela igandean desmuntaketa lanetan lagunduz.

Jaialdiaren etorkizunaz ere mintzatu dira eta aurreratu dute Euskal Herria Zuzenean elkartearen lanari buruzko gogoeta egingo dutela. Nolanahi dela, "bizirik, elkarrekin eta etorkizunari begira" jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Azkenik, kontu zenbaki bat zabaldu dute, jendeak ekarpenak egin ditzan:

Creditcoop - Bayonne

IBAN: FR76 4255 9000 4421 0292 5040 639

BIC: CCOPFRPPXXX