Albisteak

Agurra

Betagarri taldeak agertokiak utziko ditu

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Hatortxu Rock jaialdian emango dute azken kontzertua, uztailaren 28an. Hogeita lau urte igaro dira talde gasteiztarra jaio zenetik.

Hogeita lau urteko ibilbidearen ostean, taula gainera berriro igoko ez dela iragarri du Betagarri taldeak. Sare sozialen bidez zabaldu dute albistea, eta zehaztu dute Hatortxu Rock jaialdian agurtuko dituztela jarraitzaileak.

Horrenbestez, uztailaren 28an, 21:15ean, hitzordu berezia dute Lakuntzan bildutako musikazaleek; izan ere, orduantxe izango dute Betagarri zuzenean ikusteko azken aukera.

Gainera, kontzertu horretan Obrint Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Girones igoko dira oholtzara talde gasteiztarrarekin batera.

 

 

Hogeita lau urteko ibilbidea

Esan bezala, 1993an jaio zen Betagarri ska taldea, baina 1997an iritsi zen arabarren estreinako diskoa. Modu bitxian sortu zen taldea. Gontzo, Iñaki eta Aitor aspaldiko lagunak ziren, eta parrandan ateratzen zirenean Betagarri ezizena hartzen zuen hirukoteak. Garai hartan, Gontzok gitarra elektriko bat irabazi zuen telebistako lehiaketa batean, Iñaki abesbatza bateko partaide zen eta Aitorrek ere gitarra jotzen zuen. Hala, elkarrekin lehen akordeak jotzen hasi ziren.

Harrezkero, ehunka kontzertu eman dituzte, baita estudioko haibat disko argitaratu ere:

-Maketa (1994)

-Betagarri (1997)

-Arren Erro Zaharra (1999)

-80/00 (2000)

-Remix (2001)

-Freaky Festa (2000)

-Arnasa Hartu (2002)

-Zuzenena (2004)

-Hamaika gara (2006)

-Bizitzari txistuka (2009)

-Zorion Argiak (2012)

-20 urte zuzenean (2014)