Albisteak

Jaialdia

‘Elkartasuna eta auzolana dira Hatortxu Rocken ezaugarri nagusiak’

Natxo Velez | eitb.eus

Lakuntzak Hatortxu Rock musika jaialdiaren 20. edizioa hartuko du uztailaren 27tik 30era. Haren arduradunekin eta parte hartuko duten hainbat musikarirekin hitz egin dugu, jaialdiaren atarian.

  • Esne Beltza taldeak joko du, besteak beste, Hatortxu Rocken

    Esne Beltza taldeak joko du, besteak beste, Hatortxu Rocken

Lau egun, bost agertoki, 85 talde eta bakarlari, 6.700 boluntario baino gehiago, milaka lagun publikoan… Inoiz baino handiagoa izango da Hatortxu Rock euskal presoen aldeko jaialdiaren hogeigarren edizioa. Lakuntzan dago jarrita hitzordua, uztailaren 27tik 30era, eta euskal musikagintzaren egundoko ordezkaritza izango da bertan.

Proposamen zerrenda amaiezina osatzen duten denetariko estilo eta jatorritako taldeak igaroko dira Lakuntzan paratuko dituzten bost agertokietatik: berriak, beteranoak… baita desagertutakoak ere! Izan ere, jada desagertuta zeuden edo beren jarduna etenda zuten hainbat talde arituko dira kontzertuan jaialdian, hala nola Ehun Kilo, Ekon, Kerobia eta El Corazón del Sapo zaragozarrak.

kerobia

Kerobia taldeak kontzertu berezia emango, larunbatean

Aitor Agirrezabal Hatortxu Rockeko bozeramailearekin, Sorkunekin eta Willis Drummond, Porco Bravo eta Hesian taldeetako kideekin hitz egin dugu, jaialdiari nola aurre egingo dioten jakiteko.

Urtean behin, Eguberri garaian, egin izan da orain arte Hatortxu Rock, hamargarren eta hamabosgarren edizioak izan ezik. Zergatik erabaki duzue aurten udara pasatzea eta formatua handitzea?

Hatortxu Rock helburu jakin batzuekin jaio zen: euskal preso politikoek, iheslariek eta deportatuek pairatzen duten egoera eta dispertsioa salatzea, eta horiei eta horien senideei elkartasun ekonomikoa ematea.

2017. urte honetan, 330 euskal preso politiko inguru daude espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan sakabanaturik, eta beste asko dira etxera itzuli ezin direnak.

Bada garaia Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko, eta, horretarako, guztiak etxean behar ditugu. Hori guztia dela eta, 20. edizioan konponbidearen aldeko kolpe bat eman nahi genuen mahaiaren gainean, zerbait berezia antolatzeko aukera ahalbidetu.

Talde zerrenda oso zabala osatu duzue hiru egunetarako, jatorri eta, batik bat, estilo aldetik. Zein irizpideren arabera aukeratu dituzue parte hartuko duten taldeak?

Urtez urte eskaintza askotarikoa aurkezten saiatu gara, gure aldarrikapenera eta gure mezura ahalik eta jende gehien batzea baitugu helburu, Hatortxu ahalik eta mobilizazio handiena izatea. Eta horretarako, denetariko gustuetarako egitarau egokia prestatu behar da.

Horrez gain, urtero saiatzen gara zerbait berezia eskaintzen, Hatortxu Rocken soilik ikusi ahal izango den zerbait taularatzen, eta aurten, adibidez, agertokietatik aldenduta zeuden hainbat talderen itzulera izango dugu.

hatortxu rock

Hori da. Ekon, Kerobia, Ehun Kilo… Geldirik zeuden hainbat talde berriz batu dira, eta kontzertu berezia emango dute jaialdian…

Horretarako, lan handia egon da; hilabeteak behar izan ditugu taldeekin elkartu, bilerak egin eta dena prestatzeko.

Hasieratik jo genuen bananduta edo geldirik zeuden talde ugarirengana. Badakigu zaila dela jendea berriz elkartu eta soilik kontzertu bat jotzeko martxan jartzea, baina hainbaten baiezkoa jaso genuen. Esker oneko hitzak baino ez ditugu haientzat, ahalegin honen bidez benetako bultzada eman baitiote Hatortxuri.

Beste asko, bakoitza bere arrazoiak direla medio, ezin izan dira elkartu, eta ez dira Hatortxu Rocken egonen.

Izan ere, erreferentziazko jaialdia da honezkero Hatortxu Rock. Betagarrik, esaterako, agurtzeko aukeratu du jaialdia… Nola hartzen duzue hori?

Honen berri izan genuenean, guk ere penaz hartu genuen: ibilbide luzeko taldea izan da Betagarri, azken hamarkadetan Euskal Herrian izan den talderik garrantzitsuenetakoa, eta Hatortxu Rockekin beti erlazio estua izan duena.

Urte hauetan guztietan edozertarako prest agertu zaizkigu, eta orain ere haien agur kontzertua gure oholtza gainean eskaintzea beste keinu bat da. Eskerrik asko eta laster arte!

Hatortxu Rock Lendakaris Muertos

Lendakaris Muertos (ostirala, 19:05, Elkartasuna agertokia)

Bizardunaken itzulera ere iragarrita zegoen, baina azkenean ez da gauzatuko. Zer gertatu da?

Lotuta zegoen, bai, baina ezin izango da egin. Taldeak berak ohar baten bidez jakinari zuenez, "ezin izan dugu taldea martxan jarri, entseguak egin, Bizardunak berpiztu".

Lehen esan dudan moduan, ulertzen dugu zaila dela eta ahalegin handia dakarrela horrelako erronka batek, eta, kasu honetan, Bizardunakek ezin izan du lortu. Gure aldetik, Bizardunak ikusteko gogoz geratu den orori barkamena eskatzea baino ez zaigu geratzen.

Boluntarioen lanean oinarritutako jaialdia da. Nolakoa da jaialdia gauzatzeko funtzionamendua hasieratik bukaerara arte?

Elkartasuna da Hatortxu Rocken bereizgarrietako bat, eta bestea auzolana. Urtero egiten dugun Hatortxun 600 pertsona inguru aritzen gara auzolanean, dena prest egon dadin. Oraingoan, 6.718 pertsona behar ditugu: ez da erronka makala.

Urte osoan zehar lanean egoten den talde bat dago, lantalde ezberdinetan ere hilabete ugariko lana dago, eta azkenik muntatzen, desmuntatzen eta jaialdian zehar aritzen diren boluntario guztien lana koordinatu beharra dago.

Lan bakoitzak bere zailtasunak ditu, baina, aurten, boluntario kopurua lotzea lan handia izaten ari da. Euskal Herriko altxor handienetakoa da auzolana, baina galtzen ari da. Hori indartze aldera, kanpaina handia jarri genuen martxan (#6718taupada), eta, ari garen arren, oraindik jendea behar dugu.

Hatortxu Rock “hiltzeko jaiotako jaialdia” dela esaten duzue. 2017ko Hartortxu Rocken ostean, zer?

Hatortxu ez antolatzeak zera esan nahi du, Hatortxu antolatzeko arrazoiak desagertu egin direla, hau da, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak etxean daudela eta dispertsioa eta urruntzea amaitu direla. Horregatik, 20. edizio honetara iritsi izana ez da ospatzeko arrazoia, kontrakoa baizik.

Hala ere, indartsu gaude. Ez dugu Hatortxu 21, 22, 25 edo 30 antolatu nahi, baina euskal preso politiko bakar bat espetxean dagoen bitartean guk lanean jarraituko dugu, denak etxean izan arte.

Sorkun (Osteguna, 19:30, Etxera! agertokia)

Sorkun

Jaialdi ezohikoa da Hartortxu Rock. Zelan hartu duzu bertan jotzeko gonbita?

Ilusio handiz hartu dut, eta oso garrantzitsua iruditu zait gonbidapen hau jaso izana. Hatortxu Rockek bezala, nik ere 20 bat urte daramatzat musika munduan, eta jaialdi hau nire kantari bizitzaren historiaren zati bat da.

Aurretik ere jo duzu jaialdian. Zer oroitzapen dituzu?

Ezin dut zehatz jakin zenbatetan egon naizen jaialdi honetan. Uste dut biran egon naizen bakoitzean, Kashbadekin, Fermin Muguruzarekin edo bakarka, diskoa aurkeztu dutela Hatortxu Rockeko agertokietan.

Niretzat, Euskal Herriko jaialdi garrantzitsuenetakoa da, eta beti hunkitzen naiz boluntario kopuru handiarekin eta antolakuntzaren profesionaltasunarekin. Handik alde egitean, gaueko ordu txikitan, zirrara berezia nabaritzen dut bihotzean, ikusten duzunean jende pilo bat euripean lanean, militantzia soilagatik.

Zer eskaintzeko prest joango zara Lakuntzara?

Esan behar dudan lehenengo gauza da ohore handia dela niretzat jaialdi berezi eta historiko hau irekitzea. Lakuntzako herriko plazan egongo den agertokian, irekiera ekitaldi bat egongo da ostegun arratsaldean, eta horren osteko lehen kontzertua nirea izango da.

Gogo handia dut aldarrikapen jai honetako parte izateko eta biharko egunean esan ahal izateko “ni ere han egon nintzen”.

Ziklomorphosia nire azken diskoaren errepertorioa egingo dugu, eta aurreko diskoetako abestiak ere joko ditugu. Seguru asko, Kashbaden abestiren bat ere egingo dugu.

Eskaintza oparotik, zer talde ez duzu galdu nahi?

Niretzat, El Corazon del Saporen kontzertua ikustea luxua izango da, eta nire hasieren oroitzapen handiak ekarriko dizkit. Beste talde asko ikusiko nituzke, baina, oro har, jaialdian daude talde asko maite ditut. Zorionak, Hatortxu Rock, eta ea beste urte bat ospatzerik ez duzuen.

Jurgi (Willis Drummond. Osteguna, 21:05, Elkartasuna agertokia)

Willis Drummond

Jaialdi ezohikoa da Hartortxu Rock. Zelan hartu duzue bertan jotzeko gonbita?

Egia da edizio oso berezia dela, bai data eta lekuagatik, bai neurriagatik, baita kartelagatik ere, noski... Eta batez ere, egoera politikoagatik da berezia: irekitzen ari den orrialde berri honetan, ez bada erraza ere, nahi dugu sinetsi Hatortxu Rock hori azkenetakoa izanen dela... Beraz biziki kontent eta harro gaude horren parte izateagatik.

Aurretik ere jo duzue jaialdian. Zer oroitzapen dituzue?

Onak, nola ez! Horrelako karpa bete-bete batean jotzea beti da goxo. Ematen dizun plazera ezin da hitzen bidez adierazi...

Baina gehienik markatu nauena, segur aski, da antolakuntzaren kalitatea eta profesionaltasuna, jakinez dena boluntarioek egina dela, gainera. Argi da egin nahi dela kalitatezko zerbait, eta, momentu berean, nabaritzen da hor dauden guztiek dakitela zertarako dauden hor. Txalotzekoa da.

Zer eskaintzeko prest joango zarete Lakuntzara?

Ahal dugun guztia emanen dugu, beti bezala! Hori da eskaintzen ahal dugun gauza bakarra gure sostengua erakusteko, eta bere elkartasuna adieraztera hurbilduko den jendetza eskertzeko... Beraz, den-dena emanen dugu.

Eskaintza oparotik, zer beste talde ez duzu galdu nahi?

Pena handiz, ezingo gara egon festibalean beste egunetan, biran baikaude asteburu osoan... Baina ostegunean bertan espero dut aukera izanen dugula Estricalla ala Porco Bravoko lagunak ikustera joateko. Biek zuzenezko bikainak dituzte!

Asier (Porco Bravo. Osteguna, 01:25, Hator Mutil agertokia)

porco bravo

Jaialdi ezohikoa da Hartortxu Rock. Zelan hartu duzue bertan jotzeko gonbita?

Egia esan, hainbat urte daramatzagu kartelean sartu nahian. Aurtengo seigarren edo zazpigarren jaialdia da, baina honek bere izena eta bere historia dauzka, eta porcotarrak pozik gaude bertan parte hartzeagatik.

Egon zarete aurretik jaialdian? Zer oroitzapen dituzue?

Nik dakidala, publiko gisa ez gara sekula egon. Zaila da, beti harrapatzen gaitu errepidean.

Zer eskaintzeko prest joango zarete Lakuntzara?

Bada, ohiko porcoshowa: odola, izerdia eta rocka. Eta berdin digu Lakuntza kostaldean ez egoteak. Nik dakidan batek surfa egingo dugu seguru (barreak).

Eskaintza oparotik, zer beste talde ez duzue galdu nahi?
Ahal dugun guztia egingo dugu WIllis Drummond ez galtzeko, eta Estricalla agurtzen joango gara. Baina hurrengo egunean kontzertua dugunez, ezin izango dugu jaialdia nahi beste gozatu.
Nork daki! Datorren urtean, beharbada.

Zuriñe eta Fran (Hesian. Ostirala, 20:10, Hator Neska agertokia)

HESIAN

Jaialdi ezohikoa da Hartortxu Rock. Zelan hartu duzue bertan jotzeko gonbita?

Fran: Antolakuntzako jendea oso gertukoa da guretzat: lagun minak batzuk, ezagunak besteak… Beraietako bat zuzenean jarri zen nirekin harremanetan, eta ez genuen gehiegi hitz egiteko beharrik izan… (barreak)

Soberan dakigu zertan datzan Hatortxu, eta argi geneukan hor egon nahi genuela.

Aurretik ere jo duzue jaialdian. Zer oroitzapen dituzue?

Fran: Hatortxu beti izan da berezia guretzat. Hainbat aldiz parte hartu dugu jaialdian… Hasi ginetetik!

Antolakuntza aldetik ikaragarria da, eta oso ondo zaintzen zaituzte beti. Bestalde, arazoak izan ditugunean ere euren babesa eta laguntza jaso ditugu, eta hori ez dugu inolaz ere ahaztuko.

Oroitzapen ezin hobea, behintzat… Batez ere, esandakoari jaialdiko publikoak ematen dizun berotasuna gehitzen badiozu.

Zer eskaintzeko prest joango zarete Lakuntzara?

Zuriñe: Hatortxu Rocken gauza asko eskainiko ditugu: maitasuna, elkartasuna eta, nola ez, musika.

Talde bezala, gure elkartasun doinuak lau haizetara zabalduko ditugu zuzeneko kontzertu horren bidez, eta, horretaz gain, gutariko bakoitzak, urtero bezala, jaialdi honetara publiko zein musikari gisa etorri garen bakoitzean eskaini duguna eskainiko dugu: presentzia eta laguntza, modu honetan gure elkartasuna adieraziz.

Beste talderik ikusteko astirik izango duzue? Eskaintza oparotik, zer talde ez duzu galdu nahi?

Zuriñe: Kartelari begira jarri eta eskaintza hain zabala ikusita, ez dakizu nondik hasi; izan ere, emanaldi asko eta asko hain gustura ikusiko nituzke!

Egia esan, Ekonen kontzertua ikusteko irrikan nago, eta gustura ikusiko nituzke Riot Propaganda, Anari, Sorkun… ere. Hala ere, gure txanda ostiralean denez, ostegunean ahotsa zaindu, eta etxean geratu behar.

Ostiralean, gure emanaldiaren aurretik eta ondoren, tartea izango dugu kontzertuak ikusteko, eta larunbatean taldekide batzuk txandak egiten geratuko gara; beraz, beste modu batera bada ere, barra atzetik musikaz gozatzeko aukera izango dugu.

Huntza (Igandea, 16:10, Ilusioa agertokia)

huntza

Jaialdi berezia da Hatortxu Rock. Zelan hartu duzue bertan jotzeko gonbita?

Ilusio handiz, egia esatea. Hatortxu Rock bezalako jaialdi bat oholtza gainetik bizitzea oso berezia izango da guretzat.

Zer eskaintzeko prest joango zarete Lakuntzara?

Lakuntzak eta Hatortxuk daukagun dena merezi dute. Ez dago gehiago esan beharrik.

Eskaintza oparotik, zer talde ez duzue galdu nahi?

Taldekide guztiok hartuko dugu tarteren bat Lakuntzako giroaz gozatzeko. Aurtengoan ere ondo betea dator Hatortxuko kartela, talde mitiko eta proposamen berri ugari daude bertan. Oholtza gainean edozein izanda ere, gustu handiz entzungo ditugulakoan gaude.