Albisteak

Irailaren 24an, Oñatin

Huntza, Willis Drummond eta Oihan Vega, Kilometroak 2017 festan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Irailaren 24an Oñatin egingo dute Kilometroak festa, eta aipatu taldeak ez ezik, besteak beste, Oxabi, Liher, Egurra ta Kitto eta Beñat Igerabide ere egongo dira.

Oñatiko Txantxiku Ikastola ari da Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak 2017 jaia antolatzen, Lekaixoka leloari eutsita. Ohi baino lehenago iritsiko da aurtengo edizioa, astebete aurreratu baitute aipatu festa. Dakizuenez, urriko lehenengo asteburuan izan ohi da Kilometroak, baina iraileko azken igandean, hots, irailaren 24an, helduko da aurten ikastolen aldeko aldarria Oñatira.

Ibilbideak lau gune izango ditu: plaza, San Martin, Asentzio eta Santa Lutzia. Gune horietan, besteak beste, musikak hartuko du lekua, euskal talde ezagunak igoko baitira agertokira, musikazaleen nahiak asetze aldera.

Lehenengo gunean, adibidez, Oxabi, Liher eta Anje Duhalde arituko dira, eta etxeko txikienentzako jarduerak prestatuko dituzte bigarrenean.

Hirugarrenean, Asentzion, Beñat Igerabide, Oihan Vega, Egurra ta Kitto, Errebal eta Perlak izango dira protagonista, eta Joseba Irazoki eta Lagunak, Sharon Stoner, Arkada, Hestura, Huntza eta Willis Drummond arduratuko dira Santa Lutzia gunea girotzeaz.

KILOMETROAK 2017 EGITARAUA